Zaintza zainetan duen ogibidea

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko mai. 18a, 16:03

Erizainen Nazioarteko Eguna izan zen pasa den egubakoitzean, maiatzak 12. Eriak zaintzen dituena da erizaina, munduko ogibiderik zaharrenetakoa da, eta, zaintza lana izatera, historikoki emakumeak izan dira erizaintza lanetan gehien aritu direnak. Bailarako zortzi erizainekin berba egin du PUNTUAk, euren ogibideaz gehiago jakiteko.

Puntua aldizkariaren 366.alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Maiatzaren 12an, Erizainen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Erizainei eta egiten duten lan garrantzitsuari omenaldi modura aukeratu zuten eguna; izan ere, maiatzaren 12 baten jaio zen, 1820an, Florence Nightingale britainiarra, erizaintza profesionalaren eta erizaintza modernoaren sortzailea.

Azken urteetan, eta, batez ere, pandemiako unerik latzenetan, balioa eman zaio erizainek egiten duten ezinbesteko lanari. "Munduko ogibiderik zaharrenetakoa da erizainena, eta garai guztietara egokitu da; etengabe garatzen joan da. Maiatzaren 12an aitortza ere egiten zaio gure lanbideari. Asko gara, gauza oso garrantzitsuak eta ezberdinak egiten. Gaixoen zaintza lanak egiten ditugu, baina osasuntsu daudenak ere zaintzen ditugu. Oraindik emakumeak nagusi garen ogibidea da, zaintza lanekin gertatzen den bezala, baina, apurka, gero eta gizon gehiago daude. Ogibide zoragarria da", azaldu du Aita Menni ospitaleko erizain zuzendari Nerea Gutierrezek.

Aurtengoa urte berezia da, gainera, bailarako erizain askorendako. Izan ere, Osakidetzan, erizainendako historiako lan-eskaintzarik handiena aurkeztuko da hurrengo hilabeteetan. Ia 110.000 pertsona aurkeztuko dira oposizioetara. 7.639 lanpostu egongo dira jokoan; horietatik, besteak beste, 2.228 erizainendako eta 1.231 erizain laguntzaileendako.

Eider Altube: "Erizaintza ikasi ostean, emagin izatea erabaki dut"

Londresen dabil emagin lanetan Eider Altube (Arrasate, 1997): "Beti gura izan dut osasungintzan lan egin, eta erizaintza oso interesgarria iruditzen zitzaidan, praktikoa eta klinikoa delako. Erizain ikasketak egiten ari nintzela, emagin izatea erabaki nuen. Ikasketak amaitu berri ditut eta beste urte eta erdi lan egin behar dut Londresen".

Bi osasun sistemak alderatuta ezberdintasun handiak daudela dio: "Ezberdintasun nagusia da Ingalaterran dena oso protokolizatuta dagoela. Edozein pausok justifikatuta egon behar du, eta gida klinikoren baten idatzia. Ezin da inprobisatu. Euskal Herrian askatasun handiagoa dagoela esango nuke".

Emagin jarduna

"Momentu oso berezi baten parte zara. Emakumeekin inplikatzen gara, eta eurendako sekulako laguntza da. Oso polita da horren parte izatea. Eta ez da bakarrik jaiotzetan laguntzea. Umeak bertaratzea baino garrantzitsuagoa da inguruko guztia. Umea jaio aurretik eta ondoren, hortxe dago gure lanik garrantzitsuena. Emaginon puntu garrantzitsuenetakoa da edozein desbideratze detektatzea. Zorrotzak izan behar dugu, desbideratzen den pista kliniko batek falta handia ekarri dezake-eta haurdunaldian edo erditze osteko prozesuan. Edoskitzea ere garrantzitsua da, eta ez zaio ematen behar besteko garrantzirik", dio.

Jose Ramon Bardeci: "120 ikasletik zortzi ginen gizonak nire garaian"

Arrasateko Ospitalean, plantan, lan egin zuen lehen erizain gizona da Jose Ramon Bardeci (Bergara, 1969). "Azken unera arte ez nuen erabaki zer ikasi nahi nuen; arrebak animatu ninduen. Ez zen arrunta gizonek Erizaintza ikastea. Unibertsitatean, nire gelan, 120 ikasletik zortzi ginen gizonak. Hala ere, nik ez dut inoiz arazorik izan horrekin.

Arrasateko ospitalean, plantan, lan egin nuen lehen gizonezko erizaina izan nintzen. Mutilek urgentzietan eta ebakuntza- gelan lan egiteko joera zegoen lehen. Oso arraroa zen mutil bat plantan lanean aritzea".

Askotariko lanak

"Guztira, 32 urte daramatzat erizain lanean, eta urte hauetan askotariko esperientziak bizi izan ditut. Zortea izan dut, eta Debagoienean egin dut lan beti. Arrasateko ospitalean 13 urte eman nituen, eta, ostean, Bergarako osasun zentrora joan nintzen, lanpostua lortu nuenean. Ezberdina da batean edo bestean lan egitea. Ospitalean txandaka lan egiten da, eta denbora luzez horrela ibiltzea ez da erraza", dio.

Egunerokoan pertsonekin zuzenean egon ahal izatea ogibidearen xarma dela aipatu du bergararrak: "Pertsonak zaintzea eta pertsonekin zuzeneko harremana izatea da gure lanbidearen alderik zoragarriena. Bi gauza horiek alderik onena eta gogorrena ere izan daitezke".

Maite Urzain: "Ogibide hau harremanetan oinarritzen da"

24 urte daramatza erizain lanetan Maite Urzainek (Arrasate, 1975): "Garbi nuen erizain izan nahi nuela. Ikasketak motzak egin zitzaizkidan. Karrera bukatu nuenean Bartzelonara joan nintzen, beste bi urte osasun mentaleko master bat egitera.

Praktikak ere Bartzelonan egin nituen, eta erizaintzarekiko zaletasuna piztu zitzaidan, nik dudan ikuspegitik, nire kasuan eta ibili naizen esparruetan, harremanetan oinarritzen da-eta ogibide hau. Beste pertsonarekin sortzen dugun atxikimenduan, loturan eta harremanean dago gakoa. Hori da lanbideak duen aldetik politena".

Erizain geriatriko

Urzain erizain geriatriko izan da urte luzez: "Osasun mentaleko erizain hasi nuen ibilbidea, baina bizitzak geriatria arlora eraman izan nau. Beraz, adinekoekin urtez luzez egin dut lan, eta erizain geriatriko espezializazioa ere lortu nuen. Doluko masterra ere egin nuen. Osasun mentala, geriatria eta bizitzaren bukaera oso lotuta daude, eta 22 urte zerbitzu sozialetan eman ditut.

Pandemia ostean, Osakidetzara salto egin dut, eta amatasun solairuan egon naiz urte eta erdi. Bizitzarekin berriro konektatzeko modua izan da, geriatriarekin eta heriotzarekin horrenbesteko kontaktua izan ostean. Egun, Arrasateko osasun zentroan nabil, erizain komunitario. Ziklo moduko bat bete da".

Argider Txurruka: "Gaixoen ongizatea ikustea da pozgarriena"

Mendaroko ospitalean lan egiten du Argider Txurrukak (Elgeta, 1996): "Zaintza txikitatik izan dut gustuko. Baserrian bizi naiz eta animaliak zaintzea ere gustuko izan dut betidanik. Zalantzak izan nituen Albaitaritzaren eta Erizaintzaren artean, baina erizain izatea erabaki nuen".

"Hiru urte eman ditut larrialdietan, eta gaur egun plantan nabil. Larrialdietan hamabi orduko txandak egiten genituen. Egun, gutxiago egiten da lan, baina modu intentsuagoan. Orain, plantan, zazpi egun egiten ditugu jarraian", dio Txurrukak.

Egoera gogorrak

Ogibidearen alderik zailena heriotzak direla dio elgetarrak: "Gaia tabua da eta gaixotasun momentu gogorrak bizi behar ditugu. Tentsio momentuak ere egoten dira. Nire lehenengo heriotza karrerako lehenengo mailan ikusi nuen. Etxera heldu eta arratsalde osoa negarrez eman nuen. Apurka, prestatzen zara horrelako egoeretarako, baina beti da gogorra, mingarria. Hala ere, jendearen ongizatea ikustea bezain gauza pozgarririk ez dago. Zainketak eman eta gaixoak hobera egiten duela ikusteak erakusten dizu lan hau zein polita den".

Aurten, oposizioetara aurkeztu beharko du: "Presio handia sumatzen da lanean oposizioak direla eta... Aurreko urtean ere izan genituen, eta gauzak nahiko fresko ditugu; beraz, ea aurten zer irteten den".

Gillen Aginagalde: "Ez dugu merezi oposizioen estres hori"

Arrasateko ospitaleko bigarren solairuan dihardu Gillen Aginagaldek (Aretxabaleta, 1987): "Kirurgia eta traumatologiako gunea da. 2009an hasi nintzen lanean, eta sei urte daramatzat solairu horretan". Erizaintza ikastea hartu zuen "erabaki onena" izan dela dio Aginagaldek: "Ez nuen argi izan. Ama medikua da, amama erizaina izan zen, eta hortik zerbait etor daiteke; kar-kar. Gainera, Medikuntza horrenbeste urte dira... Ez nuen gura urte luzez ikasten ibili".

"Pertsonekin lan egitea, laguntza eskaintzea, beti da aberasgarria. Ospitaleko leku askotan egin dut lan, eta eboluzioa ikustea sekulakoa da. Gaixoak kalean ikusten dituzuenean, adibidez, gogobetetze sentsazio handia ematen du".

Oposizioak

Ogibideak baditu alde "gogorrak" aretxabaletarrak azaldu duenez: "Aste bukaera askotan egiten dugu lan, txandak egiten ditugu... Baina zailena izaten da gertatzen diren ezbeharrak ospitalean uztea. Urteen poderioz ikasten duzu ospitaletik irtetean hori guztia atzean uzten. Zaila da oposizioen kontua ere. Zenbat urte eman behar ditugun azterketak egiten eta egiten. Iaz izan genituen eta orain berriro ditugu. Estres puntu hori ez dugu merezi. Nire bosgarren azterketa izango da aurtengoa. Denak gainditu ditut, baina ez dut plazarik lortu. Ea aurten...".

Nerea Gutierrez: "Pertsonen esentzia ezagutzeko gai gara"

Arrasateko Aita Menni ospitaleko erizain zuzendaria da Nerea Gutierrez (Gasteiz, 1968). Gipuzkoako Erizaintza Eskolak ospitaleko erizaintza zerbitzuen lana saritu zuen iaz: "Gizartean eduki ditzakeen kolektibo zaurgarrienak artatzen ditugu Aita Mennin: mendekotasun maila handia duten adinekoak, buruko gaixotasunak dituztenak eta adimen-urritasunak dituztenak. Beraz, gure ospitalean ez dugu puntako teknologia egunerokoan erabili behar. Harremanak gertukoak dira, gizatiarragoak. Gaixo gehienak bertan bizi dira, eta erizainak eta erizain laguntzaileak dira gaixoen egunerokotasuneko zaintza lanak egiten dituztenak".

Gaixoekin harremana

"Jende asko ezagutzea eta gizakioi buruz gehiago ikastea ahalbidetzen dizu ogibide honek. Ebakuntza-gelako erizain izan nahi nuen, eta 24 urte geroago esan dezaket ez dudala ebakuntza-gelarik zapaldu. Onkologian, geriatrian eta azken zazpi urteak kudeaketan aritu naiz. Erizain zuzendari naiz orain. Gogorra eta zaila da lana, baina ospitalean egiten dugun lana ondo ikusteko aukera ematen dit", azaldu du.

"Pertsonak modu sakonagoan ezagutzeko aukera ematen dizu. Egoera zaurgarrian ezagutzen dituzu, baina pertsonek gaixotasun egoera zailak bizi dituztenean euren esentzia ezagutzeko gai zara. Intimitate maila horrek ezagutza handia ematen dizu", dio arabarrak.

Mario Jurado: "Konponezinak diren gaitzek ere zaintza behar dute"

Erizaintza ikasketak egin ostean, Medikuntza ikasten ari da Mario Jurado (Arrasate, 1997): "Erizan lan egin ostean, gehiago ikasi nahi nuela ikusi nuen, eta Medikuntza ikasten ari naiz. Gaur egun, ikasketak eta erizain-lanak uztartzen ditut".

"Osasun Zientzietako batxilergoa egin nuen, eta, zainketa mundua betidanik gustatu izan zaidanez, Erizaintza egitea erraz erabaki nuen. Praktika aukera asko ematen dituzten ikasketak dira Erizaintzakoak. Beraz, Iruñean ikasi nuen, eta iaz arte Iruñeko ospitaleko onkologia atalean egon nintzen lanean. Onkologia eta paliatiboen arloak asko gustatzen zaizkit niri. Konpondu ezin daitezkeen gaitzek ere zainketak behar dituzte. Pertsonen arteko tratua behar da, eta, normalean, lehenengo lerroan erizainak egoten gara", dio Juradok.

Larrialdietan

"Gaur egun, etxerako larrialdietan ari naiz, Debagoienean. Norbaitek larrialdietara deitzen duenean, gu autoa hartu eta dagokion tokira joaten gara. Batez ere, landa-eremuko eta baserrietako jendea izaten da. Oso ezberdina da, baina pertsonen etxebizitzak eta ingurua baloratzea oso garrantzitsua da, eta, batzuetan, hori ahaztu egiten zaigu ospitalean lan egiten dugunean", azaldu du.

Izaskun Arriaran: "Erizainok, orokorrean, laguntzeko grina dugu"

23 urteko ibilbidea du Izaskun Arriaranek (Aramaio, 1977) erizaintzan: "Medikuntza egitea gomendatu zidaten, baina nik argi nuen: erizain izan nahi nuen. Ospitalearekin kontaktua izan nuen, eta argi ikusi nuen gauzak beste modu batekoak izatea nahi nuela; batez ere, arreta. Alegia, horrek mugitu ninduen".

"1998an bukatu nituen ikasketak, eta orduan ez zegoen lanik. Curriculumak bidali nituen Espainia osora. Malagatik deitu zidaten, eta elkarrizketa egitera nindoalarik Etxarri Aranatzetik deitu zidaten. Bost urte eman nituen han. Sekulako esperientzia izan zen, baina gogorra ere bai, bi lagun bakarrik geundelako txandaka. Bakarrik moldatzen asko ikasi nuen. Handik Gasteizera etorri nintzen, eta Gasteiztik Arrasatera".

'Aita Mari' ontzian

Aita Mari erreskate ontziko misio burua da Arriaran: "Itsasontzian lan egiteak baditu bere zailtasunak: mugimendua, itsaso txarra... Ez da erosoa, baina txarrenetan ere hor egon behar dugu. Erizainok, orokorrean, laguntzeko grina dugu".

"Benetan gauza oso gutxirekin eskertuta sentitzen dira gaixoak. Behar ez den sufrimendua eragitea; hori da, nire ustez, gogorrena. Zainketa aringarriak gustuko ditut. Gogorra da? Bai. Hala ere, gogorragoa da beharrezkoak ez diren probak, sufrimendua eta bizitza luzatzea", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak