Manuel Martin Carrasco: "Buruko osasun arazoen gaiak tabu izaten jarraitzen du"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urt. 10a, 17:01

Izendapena azaroan jaso zuen eta Arrasateko Aita Menni zentroko zuzendari lanekin uztartu beharko du kargu berria. Hori aprobetxatuz, gizarteak gai horren inguruan dituen aurreiritziak aldatzea nahi du.

Puntua aldizkariaren 350. alean argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Ahizpa Ospitalarien zentroetako mediku zuzendaria da Manuel Martin Carrasco; horren barruan sartzen da Arrasateko Aita Menni ospitalea, eta bertako zuzendari ere bada. Orain, Espainiako Psikiatria eta Buruko Osasun Arazoen Elkarteko presidente izendatu berri dute, datozen bi urteetarako. Hori horrela, harekin hainbat gairen gainean berba egiteko baliatu du PUNTUAk; besteak beste, gaur egun gizartean buruko osasun arazoen egoera nolakoa den jakiteko eta gehiago ulertzeko eta COVIDak horretan izan duen eragina nolakoa izan den jakiteko; eta egunerokotasunean Arrasateko ospitalean nola lan egiten duten galdetzeko.

Nola hartu duzu izendapenaren albistea?

Ohorea da eta oso eskertuta nago nire lankideekin aukera hori emateagatik; hurrengo bi urteetan haien ordezkaria izango naiz.

Erronka handia duzu aurretik, ezta?

Halaxe da, buruko gaitzen eta psikiatriaren arretan egoera zail baten aurrean gaude eta. Alde batetik, pandemiak kasuen gorakada ekarri du; horrelako kasuetan normala den moduan, baina gurean bat egin du profesional faltarekin, eta hurrengo bost urteetan Espainiako psikiatren %20k erretiroa hartuko dutela ikusten dugu. Orain arte, psikiatren tasa nazioarteko erakundeek eskatzen dutena baino baxuagoa izan da: %12 gomendatzen dute eta Espainian %9an gaude. Hala eta guztiz ere, Euskal Autonomia Erkidegoa Estatuko daturik onenetakoak dituen lekua da, baina hemen ere profesional falta dagoela ikusten ari gara.

Zeintzuk izango dira emango dituzun lehen pausoak? Eta zeintzuk zure helburuak kargu horretan?

Helburuetako bat aurretik aipatutako arazoa mahai gainean jartzea izango da, eta administrazioarekin lanean jardungo dugu horri irtenbidea emateko. Beste helburuetako bat izango da talde batzuek laguntza psikiatriko urria jasotzen dutela azaleratzea; hor sartzen dira hirugarren adineko pertsonei zuzendutakoak eta epe luzerako arazo psikiatrikoak dituzten pertsonei zuzendutakoak. Beste helburuetako bat izango da psikiatrek buruko osasuna tratatzerakoan duten eginkizun garrantzitsua goraipatzea edo horri balioa ematea. Ez da soilik psikiatren lana; psikologoen, medikuen eta beste hainbaten lana ere hor dago, baina psikiatren lanari garrantzia eman nahi diogu.

Buruko gaitzen gaia orain ari da zabaltzen, baina orain arte tabua izan da. Tabu izan den aldetik, ezjakintasun handia egon da?

Buruko gaitzen gaia betidanik izan da tabua eta gaur egun ere tabu izaten jarraitzen du. Ez da berdina pneumonia bat duzula esatea edo depresioa duzula esatea. Lehenarekin, gorputzeko atal bati eragiten diola esaten da, baina depresioak, berriz, gorputz osoari edo pertsonari eragiten diola; eta, are gehiago, buruko osasun larria jasanez gero. Horrelako egoerek gaitzespen handia dakarte gizartearen aldetik. Egia da pandemiarekin gaia zabaldu egin dela eta, adibidez, gizartean ezaguna den jendeak ere aitortu duela arazo horiek dituela eta horiekin bizi daitekeela. Gizarteak, ordea, ez dut uste egun batetik bestera aldatuko duenik jarrera gai horren aurrean. Begirada hori aldatzea elkarteak betidanik izan duen helburu bat da, eta ez soilik gaitza jasaten duten pertsonengan, honen inguruan lan egiten dutenengan ere bai, bigarren mailako langileak bagina bezala tratatzen gaituztelako batzuek.

Gaia normaltasunez tratatzeko zenbat falta da?

Hau aldatzeko zenbat denbora beharko den ezin da zehaztu. Hobetzen ari gara, baina oso zaila da gaia normaltasunez noiz jorratuko dugun jakitea.

"Hobetzen ari gara, baina zaila da gaia normaltasunez noiz jorratuko dugun jakitea"

Hainbat zentrotan lan egiten duzu; tartean, Aita Mennin. Nola jarduten duzue bertan?

Zentro pribatua izan arren, mundu osoari laguntzea da gure helburua. Bereizten gaituen balioetako bat da diziplina anitzekoak garela. Buruko gaixotasunak zailak izaten dira eta askotariko dimentsioak dituzte: dimentsio somatikoak edo biologikoak, dimentsio psikologikoa, dimentsio soziala... Guztiak artatzen saiatzen gara. Eta, zentro katoliko bat garen heinean, gure ikuspuntutik pertsonek dimentsio espirituala dutela uste dugu, bizitzari zentzua aurkitzeko lan horrekin zerikusia duen dimentsio bat, eta hori da gure artatze modeloan bereizten gaituena.

Buruko zenbat gaitz daude? Eta kasu bakoitzak tratamendu espezifiko bat behar du ala gaitzaren arabera lan egiten da?

Lau hari existentzial ditugu eta bakoitzak tratamendu espezifiko bat dauka: pertsona helduak, adimen-osasun arazoak dituztenak, adimen-urritasuna duten pertsonak eta min zerebralak dituztenak. Pertsona helduen kasuan, adimen-osasuna dutenak sartzen dira; esaterako, zorotasunen bat dutenak edo gaztetatik adimen- arazoren bat pairatu dutenak eta horrekin zahartu direnak. Adimen-osasunaren inguruan hitz egiten dugunean, gazteagoak diren pertsonez ari gara, eta hemen ere zerbitzuen eskaintza zabala dago. Adimen-urritasunaren kasuan, hori ez da gaixotasun bezala hartzen, baina horrek etorkizunean eragina izan dezake; esaterako, azken urteetan adimen-urritasuna duten pertsonen kopurua jaitsi egin den arren, autismo kasuek gora egin dute eta horiek etorkizunean agerraldi psikotiko bihurtu daitezke. Horiek tratatzeko unitateak ditugu. Min zerebralak jasan dituztenen kasuan, urteak dira Aita Mennin horren aldeko apustua egiten dugula, horiek jasan dituztenei laguntzeko. Gure ilusiorik handiena jendea berriz ere gizarteratzea da, edozein arazori aurre eginda.

Zein tratamendu mota dago?

Aurretik aipatutako arazo guztientzat hainbat tratamendu ditugu. Esaterako, medikamentuak, min zerebralak jaso dituztenen errehabilitaziorako makinak eta robotak ditugu; azken horrek gorakada izan du azkenaldian. Arlo psikologikoan hainbat motatako terapiak daude, indibidualak zein taldekakoak, bakoitza pertsonen beharretara egokituta. Beste tratamenduetako bat gizarteratzearekin lotuta dago; hori ere taldekako terapiek eta gizarteratzeko ekintzek osatzen dute. Eta beste bat terapia okupazionala da, eta, hain zuzen ere, pertsonek lana aurkitu aurretik, bide horretara heltzeko pausoak ematen laguntzen diegu.

"Emakumeak zaurgarriagoak dira gaitz komunak agertzeari dagokionez"

COVIDaren pandemia oso momentu delikatua izan da eta entzun da buruko gaitzak areagotu egin direla. Momentu gorena pandemia izan zen? Eta egungo egoera zein da?

COVIDa harri bat uretara botatzea bezala izan da. Ez da soilik harria botatzean sortzen dituzun zipriztinak, ondoren denborarekin hedatzen joaten diren uhinak baizik, eta hori gertatu da COVIDarekin. Lehenengo eragin zuzenak gaixotasunak berak eta konfinamenduak eragindakoak izan dira eta horrek beldurra eta bizitza sozialaren galera ekarri ditu; horretan lagundu du hedabideek gaiari eman dioten trataerak. Horrek pertsonei ondoeza ekartzen die; batzuek denborarekin buelta ematen diote egoerari, baina badira zaurgarriagoak diren pertsonak, arazoa horiek behar dena baino denbora gehiago pairatzen dutenak. Eta hau kalkulu bat besterik ez da, baina COVIDaren ondorioz arazo psikologikoak jasan dituzten pertsonen %10ek hilabeteetan edo urteetan arazoak izan ditzakete.

Gainontzean, nolakoa da buruko gaitzei dagokien egoera gure gizartean?

Hau tipula baten geruza bezalakoa da. Nukleo bat dago, buruko gaitz larrienak: besteak beste, eskizofrenia, bipolaritatea, pertsonalitate aldaketak, depresio larriak... eta horrek gizartearen %3ri edo %4ri eragin diezaioke. Zenbaki horiek nahiko egonkorrak dira hainbat gizartetan. Ondoren, buruko gaixotasun komunek osatzen duten geruza bat egongo litzateke, depresio ahulek, antsietate gorabeherek eta nahasmen psikosomatikoek osatuko luketena, eta hemen biztanleriaren %8ra iritsi gaitezke; horiek gizarte egoera zailetara lotuta daude: esaterako, langabezia, pobretasuna, krisi ekonomikoren bat.... Eta hirugarren geruza ezinegon emozionalari lotuta egongo litzateke, gure bizitzari erabat lotuta dagoena, guztiok izaten ditugulako egoera gorabeheratsuak. Azken geruza hori oso hedatuta dago, eta badirudi ezinegon emozional hori oso hedatua dagoela bereziki une honetan, egoera zail asko bizi izan ditugulako bata bestearen ostean. Aldi berean, beste autore batzuek diote gizateria ahulagoa dela gaur egun eta lehen baino eragin handiagoa dutela aipaturiko egoera zail horiek. Esaterako, denbora asko egon gara gerrarik gabe eta uste genuen horrela jarraituko genuela, baina ikusi da ezetz; eta egoera horiek bizitzeak, nahi edo ez, eragina izaten du buruko osasunean.

Adin tarte guztiei berdin eragiten die? Emakumeei eta gizonei berdin?

Orokorrean, emakumeak zaurgarriagoak dira buruko osasunari lotutako gaitz komunak agertzeari dagokionez; batez ere, antsietate eta depresio nahasteak. Buruko gaitz larrien kasuan, berriz, gizonen eta emakumeen arteko diferentzia askoz handiagoa da. Adin tarteei dagokienez, atentzio faltak eta hiperaktibitate kasuek gazteei eragiten diete gehiago eta alzheimer eta erotasun kasuak, berriz, adinean nagusiak direnei. Bestalde, esaterako, gaixotasun batzuk, eskizofrenia edo bipolaritatea, adibidez, gaztetatik garatzen direnak dira eta, normalean, bizitza osoan jasaten dituzte. Beste gaixotasun batzuk, berriz, beranduago garatzen dira; esaterako, depresioa. Hori 40 urte inguruan hasten da, eta, kasu horretan ere, nahiz eta batzuetan errekuperatzen diren, bizitzan zehar jasaten dute. Orduan, esan genezake baietz, gaitz bakoitzarentzat hastapen une bat dagoela.

"COVIDak eragina izan du kasuen areagotzean baina arrazoiak sakonagoak dira"

Nola prebenitu daitezke buruko osasun arazoak?

Esaterako, psikiatrian une honetan interesgarriena den esparruetako bat prebentzioaren ikerkuntzarekin lotutakoa da. Prebentzioak hainbat maila ditu. Alegia, pertsona guztiei onura eragiten dieten neurriak daude: ariketa fisikoa, elikadura ona eta lo egitea. Baina badaude beste neurri batzuk diagnostiko azkarrarekin martxan jartzen direnak; jakina denean pertsona horiek arazoak izateko arrisku handiagoa izango dutela. Horrek erraztu egiten du laguntza beharko duten pertsonak zeintzuk izango diren identifikatzen. Eta hirugarren prebentzioa tratamenduan dauden pertsonei birgaixotze bat ekiditeko litzateke. Adibidez, buruko gaixotasunen kasuan, ohikoa da tratamenduan dauden pertsonek terapiak alde batera uztea, eta horrek birgaixotzea dakar kasu askotan.

Badago nahikoa langile dagoen gaixo kopuruarentzat?

Nik Aita Menniren inguruan eman dezaket informazioa eta uste dut nahiko langile ditugula eskatzen dizkiguten beharrei erantzuteko. Baina egia da COVIDaren garai gogorrenetan erizain falta handia egon zela, eta gaur egun arazo horrek mahai gainean egoten jarraitzen du, baina, pandemia pasatzen joan den heinean, profesional falta horri buelta ematen joan gara, gutxika. Hala eta guztiz ere, lehen aipatu bezala, Euskal Herriko egoera profesional aldetik nahiko ona da beste autonomia erkidego batzuen egoerarekin alderatuz.

Nolako etorkizuna aurreikusten duzu?

Elkarrizketan zehar ikusten joan gara: gaur egun, geroz eta pertsona gehiago daude buruko osasun arazoekin; COVIDak eragina izan du horretan, baina, ziurrenik, gorakada horren arrazoiak sakonagoak dira. Aipatutako gorakada horrek eragina izango du jendeari laguntzeko orduan, langile falta egongo delako eta ezin izango diogulako guztiari erantzun. Nik psikiatriaren inguruan eman ditzaket datuak, eta jende falta dago; psikologia klinikoan ere langileak aurkitzeko zailtasunekin dabiltza. Eta etorkizunean, bi kasu hauek elkartuko dira: alde batetik, buruko arazoak dituzten pertsonen ugaritzea; eta, bestetik, haiek artatzeko profesional falta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak