Domekan Donostian egingo den Korrikaren azken jaia aurkeztu dute

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 5a, 15:57

Korrika Gatzagainen behera, iragan egubakoitzean. (Argazkia: Imanol Soriano)

Domekan irakurriko da 2.500 kilometroz eskuz esku eramandako lekukoak barruan daraman mezua. Donostiako Boulevardean izango da, 12:30ak bueltan. Amaiera ekitaldiaz harago, gaur aurkeztu dute Korrikaren arduradunek azken jaiaren egitaraua. Bestalde, Debagoieneko Korrikako dinamizatzaileak eskertze mezua igorri die bailarako herritarrei: "Zoragarria izan zen".

Ari da pixkanaka Korrika bere ibilbidea osatzen. Martxoaren 31an Amurriotik abiatu zen ekimenak gaur igaro du erdibidea Nafarroako ipar-mendebaldean, eta Lizarrerri merindadean barrena, Arabara itzuliko da gaur iluntzean. Hala arituko da apirilaren 10a bitarte, 12:30ak bueltan, Zurriola hiribidetik lekukoa Boulevard Zumardira iristen den unera arte. Bertan irakurriko da 2.500 kilometroz eskuz esku eramandako lekukoak barruan daraman mezua. 

Gaur egin dute Gipuzkoako hiriburuko Egia auzoko Teila Fabrikan azken jaiaren aurkezpen agerraldia. Mezuaren egilea eta zioa aurreratu ez dituzten arren, ekitaldi nagusiaren nondik norakoak aurkeztu dituzte. Esaterako, Bagera Elkarteak sortutako Atzean zuloa proiektuaren aurpegiak izango dira ekitaldiaren aurkezleak; Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu aktore donostiarrak, hain zuzen.

Azken jaia

Azken korrikalditik harago, baina, festa eguna izan ohi da Korrikaren azken eguna. Aurtengoan ere ez da gutxiagorako izango. Auzolanean, "festa handi bezain berritzailea" antolatu dutela adierazi du Luix Intxauspe azken jaiko arduradunak: "Gune desberdinetan sakabanatua, publiko desberdinei begirakoa eta Donostiako kultur eragileen parte hartzea lehenetsi duena, besteak beste".

Euskal Herriko txoko desberdinetako jendea bertaratzeko deialdia egin dute, eta bi ohar nabarmendu nahi izan dituzte. Lehena, Korrikaren azken jaia "eraso sexistarik gabeko eguna" izatea nahi dutela. Eta bigarrena, garraio publikoa erabiltzearena. Hona azken jaiko egitaraua.

Esker ona

Azken jaitik harago, Debagoieneko Korrikako dinamizatzaile izan den Ikuska Lizarraldek eskertze mezua igorri die herriz herri "Korrikaren olatuari energiarik onena" emateko ahalegina egin duten batzordeetako boluntarioei. Baita ekimenean parte hartu zuten herritarrei ere: "Furgonetatik bizi ahal izatea eta zuen poztasun aurpegiak ikusi eta animatu ahal izatea mundiala izan zen. Egubakoitzekoa zoragarria izan zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak