Carmelo Urdangarin: amankomuna eta herritartasun balioen eragile

Komunitatetik: Jose Mari Larramendi 2021ko mai. 18a, 17:04
Carmelo Urdangarin. Argazkia: (Tu Lankide)

Jose Mari Larramendik, 30 urtez Eroski kooperatibako bazkideak eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen sortzaileetako batek, Carmelo Urdangarin izan du gogoan. Maiatzaren 14an hil zen hori, "bizitza guztia kooperatibagintzan" jardun ondoren Debagoienean zein Debabarrenean, eta hiritartasunaren suspertzaile izan zena.

Carmelo Urdangarin Altuna maiatzaren 14an hil zen, eta haren heriotzak gogora ekarri dit Carmelok bere bizitzan egin zuen herritartasun aktiboaren bizitza osoaren ibilbidea.

Atzerrian estudiatzen nengoela ezagutu nuen Carmelo. OITk (Lanaren Nazioarteko Erakundea) argitaratu berri zituen dokumentuak aurkeztu zizkigun eta horrek harritu ninduen.

Deban, bere familiak zuen "ultramarinos" dendako ataundar mikelete ohi baten semea zela banekien, eta kooperatiba inguruan mugitzen zela ere.

Deban bizi ginenontzako erreferenteak Eibarren eta Elgoibarren zeuden: Armeria eta eskopeta tailerrak, Elgoibarko fabrikak. Lan bila bertara joatea ezinbesteko zen. Debara beraneante asko zetorren garai haietan eta bertako hotelak bete-beteak.

Baina egunero nola joan goizeko zortzietarako Eibarreraino? Autorik ez genuen noski, eta autobusik ez zen apenas pasatzen. Trenaren ordutegiak guztiz desegokiak eta puntualtasuna ez zen bere ezaugarrietako bat.

Nere gaztetako oroitzapenen artean Sputnik autobusa eta "tren obrerok" leku bat dute betidanik.

Garraio publikorik ezean, Carmelo eta langile gazte talde batek "La Esperanza" autobus zuri bat erosi eta garraio autogestionatu bat martxan jarri zuten: Sputnik autobusa (VI 991 matrikula).

Laster pauso berri bat eman zuten. Trenbideko nagusi eta kudeatzaileekin akordio batera heldu ziren: goizeko 7:10etan "tren obrero" bat Debatik Eibarrera, astelehenetik larunbatera eta arratsaldeko zazpietan Debara itzul zedin.

1.968an, Cooperativa de Viviendas Alkartasunaren sortzaile Jose Mari Izaga Gereta eta Francisco Salegirekin batera. Hirurogeita hamabi etxe haiek, prezioen egonkortzaile bilakatu ziren. Beste behin ere, komunitatearen behar sozial bat identifikatu ondoren, Carmelo zen hori konpontzeko lanean jartzen zenetako bat.

Carmelo esatari trebea zen bai, baina eginkari hobeagoa. Hitzetan gelditu ordez, ekintzetara bideratutako horietakoa zen.

Kooperatibagintzan murgilduta

Deban oso lanpostu gutxi zeuden eta 18 gazte langile martxan jarri zuten ACME DEVA (1961) gero DANOBAT bilakatuko zen kooperatiba. Proiektu arrakastatsu bat izan zen ehun lanpostu inguru sortu bai zituzten. Bere ikuspuntua Carmelo berak idatzita utzi zuen 2004an Industria-enplegu iraunkorraren bila (Deba 59 z).

Beretzat, langileria edo proletargoa baino langileak ziren subjetu politiko.

Aldi berean, lurra jota zegoen ORBEA tailera kooperatiba bihurtu eta bertako gerente bilakatu zen (1971) Ez zen erraza suertatu lidergo eta estrategia behar zuen enpresa historiko hura berrabiaraztea.

Ideologia ugari eta errealismo gutxiz beteriko eztabaidak ugariak ziren: Zein da langile bati zegokion soldatarik bidezkoena: berak merezi zuena ala etxean behar zuena? Zergatik fabriketan soldatak ezberdinak izan behar dira? Ez al da bidezkoagoa denek soldata berdin bat jasotzea? Hori zen giroa.

Publizitate ekintzek behartuz, zalantzarik gabe bere lankide Patxi Aldabaldetrekuren laguntzarekin Catlunya aldera abiatu ziren “Velosolex, bakarrik dabilen bizikleta” erakutsi eta saltzera.

MONDRAGON kooperatiba taldean bide luze zein zabala egin zuen: Orbea, Lakide Kutxa, Danobat, Lagun Aro eta TU
Lankide aldizkaria, besteak beste.

Komertzial karguak eskatuta joan zen Txinara, nahiz eta gaur bezain erreza ez izan. Merkatuak ezagutu eta saltzera arabiar herrietara, Brasil eta Europa guztia ezagutu zuen. Hamaika xelebrekeri eta istorioren jabe zen Carmelo.

Auzolanerako beti prest zegoen hiritarra

Elias Olalde bere lagunarekin, Debako udalean zinegotzi eta militante bezala lan ugari egin zuen. Hirigintza, urbanismo eta bereziki hezkuntza sailak izan ziren bere ardura nagusiak.

Debako Arrisku Nuklearraren Aurkako Batzordea (1973-78) buru belarriz idazkaritza lanei heldu zioen. Benetako mugimendu herritar bat jarri zuten martxan. Mugimendu horren gakoa Batzorde zabal eta herritar baten sorrera izan zen. Batzordeak Europa erdia eta Estatu Batuak zeharkatu zituen energia nuklearraren ondorioez informatzeko eta informazio horiek Euskadi osoan zabaltzeko (herrietan eta auzoetan hitzaldiak eginez, askotan ezkutuan, Gobernu frankistaren ordezkariaren baimenik ez zutelako).

Batzorde hau herritarrek osatu eta zuzendutako proposamen apartidista baten adibide aproposa dugu. Carmelo Urdangarin, Francisco Aldabaldetrecu, Jose Mari Izaga Guereta tarteko. Francisco Salegiren koordinaziopean egindako liburua dugu lekuko: "Ez, Ez, Ez. Debako Zentral Nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia" (Elkar 2016).

Bertan tailer batzuen jabeak, bikarioa, dendariak, gazteak, irakasle, artegintza munduko partaideek parte hartu zuten, Eduardo Txillida barne (berea da logotipoa).

Partidu politikoek zilegitasun publikoa lortu zutenean, herriko zinean egindako batzar nagusiak beraien esku kudeaketa uztea erabaki zuen.
Jose Manuel Ostolaza debar mezenasek sortu zuen "Debako Irakaskuntza eta Kultur Aurrerapenaren Aldeko Elkartea" bere jabetzako eraikinean.

Bere anaia Francisco, ondarearen oinordeko unibertsala, zendu zenean (1971) Zaintza Batzorde bat eratu zen, horiek kudeatu zituen Kultur Elkarteak aurreikusitako helburuetarako erabiliko zirela bermatzeko diru iturriak iraun zuten bitartean (1971- 91).

Carmelo, Zaintza Batzordeko bost kideetako bat zen, eta, beraz, Kultur Elkartearen jarduerak kontrolatzea egokitu zitzaion: eraikineko jarduerak, Udal Liburutegia, Deba Aldizkaria eta Deba Bilduma argitalpenak.

Hiritartasunaren zentzua eta ahalmena erakutsi zigun Carmelok.

Etnografia ekarpenenak

Aranzadiko bazkide eta partaide langile zen. Jakin-mina eta lanean irauteari esker, berak idatzi eta txukun dokumentatutako liburuak gure herriaren iraganeko garaiak ezagutzeko ezinbestekoak bihurtu dira.

Bere lagun eta aditu batzuekin batera (Pello Lizarralde, Jose Mari Izaga Reiner, Javier Carballo) etnografia lanetan murgildu zen Carmelo. 400 ofizio ezberdin jaso ditu eta 14 liburutan eskaini digute. Herri baten nortasuna osatzerakoan, ondo zekien memoriak jokatzen duen papera.

Ez da txantxetako lana eta denborarekin, goiz baino beranduago, erakundeek dagokion lekuan jarriko dutela espero dut.

Euskaraz ekonomiaz

Hedabidetan, ekonomiaz euskaraz aritzera ausartu zen lehenetariko bat zen. Bere ama hizkuntzaz baliatzen zen.

Etxeko euskara, bai baina oso gutxik erabiltzen zutena zen bere euskarri nagusia: informazio-iturri sendoak.

Estrategia bere trebetasunik handienetako bat zen. Begirada zorrotza, beti epe luzeko begi-kolpea manejatzen zekiena. Europako eta Asiako datu zehatzak erabiltzen zituen, ekonomia eremuetako iturrietan edaten bai zuen egunero.

Bikotearen indarra

Carmeloren alboan lagun, bikoeta eta konplize Eva Fernandez, bere emaztea izan du azken momenturaino.

Evak ondo zekien eta daki zaintza lana zer den eta bere garrantzia pertsonen bizitzan.

Erditze lanetatik haratago, “partera” “matrona” baino gehiago izan da. Deba ingurukoi emakumeen arazo eta beharrei irtenbideetan murgildua. Haurrak “mundura ekartzen” laguntzaile eta une gogorretan, lagunkide. Sexo heziketa, “fameli planifikazio” eta ustegabeko haurdunaldien aurre egiten lehen pausoak ematen, emakume askori lagundu izan dion pertsona. Bakoitza bere baratzetan, bainan biak beren aldetik konpromisoa hartzen jakin duten pertsonak.

Lagunen lagun leiala

Hogei urtez, bera tarteko, hilero elkartu izan gara "xagukide" lagun talde bat. Mahai baten inguruan eta ilunabarrak dakarren konplizitatearekin, euskal gizartean bizi ditugun erronka eta bitxikeriak aztertu ditugu elkarrekin. Beti aditu gonbidatu baten laguntzarekin. Han-hemenka ibili gara: euskal meatzariak, Sasiola, Segovia, Atapuerca, Eibar….

Bere umore (ona eta txarra) bere jakinduri zabala eta bere indarra partekatzeko suerte izan dugu. Karmelok gauzak ez zituen erdizka uzten. Pentsatzen zuena, garbi azaltzen zuen horietakoa zen. Eta egiten zuena ondo pentsatua zuenetarikoa baita. Leiala, lagunen lagun. Horregatik bere independentzia beti gorde izan du. Zintzoa izan delako, jendearen esker on eta txaloren bat gutxiago jaso zituen.

Carmelo, egun handira arte, edonon dela ere, proiektu amankomunen batean ikusiko garelakoan. Agur.

Jose Mari Larramendi

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak