Katalunian bizi duten egoera konpontzeko eskatu du otoitza, Arantzazun, Gipuzkoako gotzainak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 9a, 15:28

Agintari eta eliztiar ugariren topalekua izan da, gaur, Arantzazu eta jendez betetako basilikan esan du meza Jose Ignacio Munillak. Oñatiko alkate Mikel Biainek egin die harrera gonbidatuei. Urtero moduan euskal presoen senideak ere bertan izan dira. Presoen etxeratzea aldarrikatu dute.

07:00etan abiatu da erromesaldia Oñatitik, eta Gipuzkoako zaindariaren eguna izanik goiz hasi da bisita mugimendua Arantzazun ere. Hala, basilika hainbat eliztiarren eta agintarien topaleku izan da, eta 12:00etako meza entzuteko elkartu dira gehienak.

Gonbidatu nagusie Oñatiko alkate Mikel Biainek egin die harrera. Udal gobernu taldeko kideekin itxaron ditu Arantzazun. Haiekin batera ziren EH Bilduko Pello Urizar eta Rebeka Ubera. Oñatiko EAJko ordezkariak ere bertan ziren Lourdes Idoiaga buru zelarik.

Eskualdetik kanpoko agintariak 11:30ak aldera hasi dira iristen. Lehenengo eta behin Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak iritsi dira. Iñigo Urkullu Lehendakaria ez da aurten Arantzazun izan. Haren ordez Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia etorri da. Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin batera iritsi da. Minutu gutxi geroago zen Arantzazun Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano.

Olanok, Tapiak, Tejeriak eta Biainek batera egin dute basilikarako bidea. Bertan zain zituzten ohorezko aurreskurako dantzariak eta txistulariak. Gerturatu ahala Euskal presoak Euskal Herrira aldarrikatu dute euskal presoen senideek.

Gotzainaren predikua

Urtero moduan Gipuzkoako gotzain Jose Ignacio Munilla gidatu du Arantzazuko Amaren Eguneko meza nagusia eta frantzizkotarren laguntza izan du. Predikuan elizbarrutia berregituratzeko ikasturte honetan hartuko dituzten neurrien berri eman du eta otoitza "Katalunian bizi duten egoera konpontzeko" eskaintzera gonbidatu ditu eliztiarrak.

Bartzelonako kardinal artzapezpikuak esandako hitzak ekarri ditu gogora eta adierazi du: "Betebehar publikoaren, guztion ongia eta elkarbizitza kudeatzearen ardura dutenen alde ere otoitz egin dezagun. Elizak herri honen zerbitzuan egon nahi du, eta beronen baitan justiziaren, senidetasunaren eta batasunaren legami izan. Elkarte katolikoaren aurrean dudan ardura pastoralean eta nire hitz apala gizarte guztiari irits dakiokeen gogoz, elkarrizketaren eta ulermenaren, errespetuaren eta konfrontazio ezaren bidean aurrera egitera eragin nahi dut, gure gizartea senidetasun, justizia, askatasun eta bake esparru izan dadin lagunduz. Zentzu onak eta zuzenak eta senide jarreradunak izan nahiak gida gaitzala guztiok".

Erlazionatuak

Arantzazuko Amaren Eguna 2017

Larraitz Zeberio Lekuona 2017 ira 09 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak