Gaur, egubakoitza, abiatuko da IX. Kulturate akustikoak –20:00etan–, eta Luis Vil musikari eta zinemagilearen proiektu berriak, Mushkum taldeak, inauguratuko du. "Nigan dagoen alderdi melodikoan esploratzeko beharrak, baina nire ahotsarekin –baritono gordina– egin ezin nuena egiteko sortua da", azaldu du Vilek. Musikari dagokionez, Vilen esanetan, "rock akustikoaren sustraietatik abiatuta dago, baina, aldi berean, estilo askotako mugetan mugituz, norberarena aurkitu guran". Bide batez, Vili egindako elkarrizketa dago irakurgai gaurko Puntua aldizkarian.
Bihar, Tori Sparks
La Huerta izeneko lanarekin dator Tori Sparks abeslari estatubatuarra, bere kolaboratzaileen babesarekin.
Orain artekoari eutsiz, fusioa du oinarri talde horrek. Hala, estilo eta kolore desberdinetako soinuak uztartzen dira oholtza gainean, eta horren eragile El Rubioren gitarra elektrikoa eta Pepe Camachoren gitarra flamenkoa dira. Baina, horren guztiaren gainetik, nola ez, Tori Sparksen ahots indartsua dago. Bihar, zapatua, izango da euren txanda, 20:00etan.
Etzi, bikote kataluniar bat
Maria Arnal abeslariak eta Marcel Bages gitarristak osatutako bikoteak orain gutxi kaleratu duen albuma, 45 cerebros y 1 corazón, aurkeztuko du etzi, domeka, Kulturaten, 20:00etan.
Lan berri horren bitartez, memoria da aldarrikatu gura dutena, zer den gogoratzen duguna eta zer ahaztarazi nahi diguten. Eurek sortutako abestiak eskaintzen dituzte, esangura handiko letrekin, eta zuzeneko hunkigarri baten bitartez.