Hasiera batean, Jokin Zaitegi gelan ziren egitekoak, baina bertaratutako jendetza ikusita, areto nagusira pasatu behar izan zuten ekitaldia, eta hau ere lepo bete zen.
Gaiari helduta, Irazabalek adierazi zuen Ekialde Hurbilaren egoera geo-estrategikoaren aldaketak hainbat ondorio utzi dituela. Errefuxiatuen krisia eta Estatu Islamikoaren Europako erasoak dira ondorio horietako batzuk.
Europako eraso entzutetsuena Bartzelonakoa izan da gurean. Honi helduta, eraso guzti hauen atzean, funtsean, Arabia Saudi zabaltzen ari den ideologia fundamentalista dagoela uste du Irazabalek.
Gaur egun oraindik indarrean dagoen eta nazioartean oihartzun handia izaten ari den Siriako gerra ere izan zuen hizpide kazetari arrasatearrak. Siriako iraultzaren jatorria erlijiosoa baino, politikoa izan zela azpimarratu zuen.
Bukaeran, bertaratutakoek galderak egiteko aukera izan zuten eta txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten Irazabal. Kazetari arrasatearra bera ere oso gustura gelditu zen emanaldiak izan zuen harrera onarekin. Twitter bidez jakinarazi zuen bere esker ona.
Goiena telebistan ikusgai
AED elkarteak antolatu zuen atzoko ekitaldia, Goiena Komunikazio taldearen laguntzarekin. Goiena telebistak saioa osorik emango du datorren eguaztenean, hilaren 13an, 21:00etatik aurrera.