Behin oporrak atzean utzita eta merezitako atsedena hartu eta gero, Igor Isasik zuzentzen duen taldeak joan den martitzenean burutu zuen denboraldi-aurreko lehenengo lan-saioa Mojategin. Iaz Euskal Ligako 2. Mailako txapeldunak izan ostean, arrasatearrek aurten 1. Mailan jokatuko dute.
Aurreikuspenen arabera, eta Euskal Errugbi Federazioaren konfirmazioaren zain, sarrailagileek iraila erdialdean ekingo diote denboraldi berriari, irailaren 16ko eta 17ko asteburuan, hain justu ere. Isasiren esanetan "aurten talde erronka polita daukagu", eta horri aurre egiteko sekretua zein den argi eta garbi du entrenatzaile zuri-moreak: "gogor lan egin eta baikorrak izan".
Seniorrekin batera, Arrasate Errugbi Taldeko gazte mailakoak ere lanean hasi dira jada. Iaz bezala, aurten ere lehen taldearekin entrenatuko dira, astearte eta ostegunetan -19:15etatik 21:00etara-. Kadete eta infantil mailako taldeek datorren astera arte ez diete lansaioei ekingo, honako hauek irailaren 5erako jarria baitute hitzordua. Kasu honetan ere entrenamendu egunak berdinak izango dira, baina 17:30etatik 19:00etara.
Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek irailaren 10ean, domekan, burutuko dute denboraldi berriko lehenengo entrenamendua. Beti bezala, hitzordua Mojategin izango da, 10:30ean hasita. Esan beharrik ez dago, errugbia ezagutu nahi duenak, klubarekin harremanetan jarri edota zelaira gerturatu besterik ez duela egin behar.