'Nola egin dute? Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma' aurkeztu da

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko abu. 31a, 15:14

Idoia Trenor, Mikel Irizar eta Edurne Otamendi.

Euskararen erabilera bultzatzeko hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma argitaratu dute gaur, Donostian. Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak landu du bilduma Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Liburuaren helburua euskalgintzaren jarrera aktiboa oinarri duten ekimenak ezagutzera ematea da, antzeko egitasmoak bultzatu nahi dituzten elkarte eta mugimenduentzako erabilgarri izan daitezen.

Gaur goizean Foru Aldundian Nola egin dute? Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma aurkeztu dute prentsaurrekoan. Bertan, Bagera elkarteko kide eta bildumaren egilea, Idoia Trenor, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria, Mikel Irizar, eta Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuko zuzendaria, Edurne Otamendi egon dira.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Bagera elkartetik jabetu ziren, azken urteotan Euskal Herriko hainbat txokotan, Euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko aktibazio proiektu berritzaileak jartzen ari zirela martxan; alegia, babes soziala, elkarlana eta gizarte ekimena oinarri gisa hartuta. Guztiak helburu batekin: ohikoak diren hizkuntza ohituretatik aldendu eta euskararen erabileraren mesedetan izango diren aldaketak probokatzeko aukera berriak sortzea. "Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dago. Eta arriskua badugu bertan etsita geratzeko. Horregatik, egitasmo berri eta berritzaileek behar dute izan aurrera egiteko gakoa", adierazi du Mikel Irizarrek. Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariaren esanetan "tokiko aktibazioa, ekimen soziala eta berrikuntza oinarri duten egitasmoek, horretarako bidea erakusten digute". Eta hor kokatu du Nola egin dute? Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma liburua.

Tokiko aktibazioa, Mikel Irizarrek jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara 4.0 estrategiaren ildoetako bat da. Honen helburua "hizkuntza berdintasuna bultzatzeko egitasmo berritzaileak indartzea" dela zehaztu du.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak