Josu Larreategiren taldeak 40 egun inguru ditu denboraldi-aurre txukun bat egiteko, eta atzo, eguaztena, eman zuten lehenengo pausoa. Jokalari berriei ongietorria ematearekin batera lanean hasi ziren denak, eta jokalari berriek hasierako minututik ikusi ahal izan zuten datozen asteotan gogotik botako dutela izerdia, lan-saio fisikoa egin zuten-eta.
Lau jokalari etorri dira, oraingoz
Etorri diren lau jokalariak gasteiztarrak dira. Josu Andres (20 urte) Araberrin egon zen iaz, Mikel Basterrak (19 urte) Tolosan jokatu zuen, Simon Mancebo (23 urte) Araban egon zen lehen probintzialean jokatzen eta Diego Lopez (18 urte) Baskoniako gazte mailan ibili zen. Hala, denak dira Baskoniako harrobikoak, eta klubetik ez dute baztertzen oraindik jokalari gehiago etortzea, izan ere, helburuetako bat da iazko sufrikarioa ez errepikatzea. Iaz taldea lehiakorra izan zen partidu askotan, baina jokalari kopuruarekin eta lesioekin larri ibili ziren, eta horrela zaila da denboraldi osoari aurre egitea.
Kontutan izan behar da Paul Isasak, Mikel eta Ander Atxak, Imanol Zeziagak, Mario Lezaunek, Ricky Mendizabalek, Iban Kortazarrek eta Beñat Barberenak taldea utzi egin dutela, eta horien hutsunea betetzera datoz jokalari berriak.
MUko jokalari eta entrenatzaile taldea, eguaztenean, lehenengo lan-saioan.