'Handia' Zinemaldiko Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian

Jokin Guridi 2017ko abu. 31a, 11:40

Argazkia: Goierriko Hitza

Aitor Arregi oñatiarrak Jon Garañorekin batera egindako Handia izango da lehian arituko diren zazpi filmetariko bat. Morir, Bi Txirula, Elkarrekin - Together, Non, Operación Concha eta Volar filmek osatzen dute Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko aukera duten filmen zerrenda.

65. Donostiako Zinemaldiko zortzi sail eta programetan desberdinetan banaturik izango dira aurten bertan izango diren hamalau euskal ekoizpenak. Horien erdiak bakarrik izango du Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian aritzeko aukera: Sail Ofizialeko Handia eta Morir; Zinemira saileko Bi Txirula, Elkarrekin - Together eta Non / No (Ez); Belodromoan proiektatuko den Operación Concha; eta Bestelako jarduerak programaren barnean aurkeztuko den Volar.

Handia Aitor Arregi oñatiarraren eta Jon Garaño donostiarraren filma da. Lehen Karlistadan borrokatu ostean etxera itzuli eta anaia Joakin ohikoa baino askoz handiagoa dela konturatzen den Martin dira bi protagonistak. Bi anaiek, bidaia luze bati ekingo diote Europan zehar Lurreko gizon handiena ikusteko jendeak ordaindu nahi izango duelakoan. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat da, Altzoko Aundiya-ren bizitzan zehazki. 

Sail ofizialetik parte hartuko duen beste filma, Fernando Franco sevillarrak zuzendutako Morir filma da La Herida filmaren ostean zuzentzen duen bigarrena. Bertan, Luis eta Martaren bizitzak bat-batean gelditu eta gezurrek, erruak eta beldurrak proban jarriko dute bikotearen egonkortasuna.

Zinemira sailetik berriz hiru film arituko dira lehian. Bi Txirula Iñigo Garciaren lehen fikzio-film luzea da, zenbait film labur egin ondoren. Filmak bi gizonen bidaia azaltzen du, bizirik irauteko egin beharrekoaz gain, bizitzaz hausnartzeko denbora ematen duen bidaia. Elkarrekin - Together berriz, Pablo Iraburu, Migeltxo Molina eta Igor Otxoaren filma da. Pura Vida eta Walls bezalako filmetan zuzendari eta ekoizle lanetan aritutakoak, Estatu Batuetako ekialdean dagoen irla batera euskal arkeologoen espedizio baten gorabeherak jarraitzen dituen filma aurkezten dute, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila. Azkenik, Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchsen Non / No (Ez) filma izango da Zinemira sailetik aurkezten den hirugarrena. Hainbat proiektutan aritutakoak (Berria 10 urte, When I Was a Child, Le Petit Theatre de Pain), fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Frantziako herri txiki batean kokatzen den Non filmarekin. Herri honetan, langile talde baten kexa kutsakor eta sumindua aurkitzen da 2016ko lan-erreformaren garaian.

Bertha Gaztelumendi irundarrak zuzendutako Volar filma da Bestelako Jarduerak programatik aurkeztuko den filma. 2012an Zinemira sailean Mariposas de Hierro estreinatu ostean, genero indarkeriaren biktima diren bederatzi emakumek landa-eremu batean egindako asteburu batean izandako hausnarketak eta bizipenak kontatzen diren filma aurkeztuko du. Hauez gain, Antonio Cuadriren Operación Concha filma ere arituko da lehian, dirurik gabe dagoen enpresari batek antolatutako iruzur baten inguruko gorabeherak kontatzen dituena.

Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehiatik kanpo gelditu dira Zabaltegi - Tabakaleran aurkeztuko den Koldo Almandozen Plagan filma; Zinemira saileko David Arratibelen Converso eta Juan Bautista Berasategiren Nur eta Herensugearen Tenplua; Zinemira Kimuak programako Iñigo Royo eta Iñigo Fernandezen Ab Alio, David P. Sañudoren Aprieta Pero Raramente Ahoga, Atxur Animazio Taldearen Areka, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen Euritan, Andres Daniel Sainzen For The Good Times eta Raul De La Fuenteren La Fiebre del Oro. Aipatzekoa da ere Zinemira sarian Julia Juaniz muntatzailearen lana sarituko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak