Italiako Livorno hiria alerta egoeran jarri zuten debagoiendarrena

Eneko Azkarate 2017ko abu. 24a, 11:11

Bergarako Azkarate aroztegiko furgoneta, 'Il Tirreno' agerkarian argitaratutako argazkian.

Bartzelonako atentatuaren ostean Europako hiriburuetan segurtasun neurriak indartu diren honetan, ezusteko ederra hartu zuen bikote debagoiendar batek abuztuaren 20an Livornon (Italia). Lagun baten etxean lo egin ostean, furgoneta hartzera zihoazela, berau poliziaz inguratuta aurkitu zuten. Afera bertako hedabide batek jaso zuen.

"Sinagoga baten aurrealdean aparkatu genuen furgoneta, lagun italiarrak hala aholkatuta, aparkatzea baimenduta zegoen ordainpekoa ez zen gune bakarrenetakoa zelakoan" dio Ander Azkarate aretxabaletarrak. Hura eta Lorea Azkarate lagun mondragoetarra, Italia eta Eslovenian barrena opor egunak igarotzera joanak ziren.

Angela Verduci lagun italiarraren etxean

Rudy txakurrarekin batera, maletak eta poltsak eskuan, zapatu gaua Angela lagunarenean igaro ostean, furgonetara hurbildu zirenean, berau hesituta zuten militar artezilariek eta carabinieri-ek. "Itxuragatik eta susto aurpegiagatik, berehala konturatu ziren turistak ginela" dio Ander Azkaratek.

Judutarren elizaren aurrean aparkatutako furgoneta -Anderrek berak eta aitak lanerako erabiltzen dutena- susmagarria iruditu zitzaion norbaiti eta poliziei abisu eman ostean, goizean goizetik itxi egin zuten gunea, badaezpada. Furgoneta lotarako egokituta zutenez, ez zen barrualdea ikusten eta horrek susmagarriagoa bihurtu zuen ibilgailua.

Isuna jarri nahi

Anekdota hutsean geratu zen dena. "Barkamenak eskatu ziguten, Bartzelonakoaren ostean normala zela ulertzera eman guran. Datuak hartu eta "bakean utzi gintuzten". Baina udaltzainak etorri ziren ostean: "muntatu genuenagatik ordainarazi guran, saiatu ziren isuna jartzeko edozein aitzakia topatzen, furgoneta goitik behera miatu zuten, baina arau hausterik egin ez genuela-eta, amore eman eta hiriko poliziek ere joaten utzi ziguten".

Hedabideetan oihartzuna

Kontua, baina, hedabideetara heldu zen eta sare sozialen bidez baita Debagoienera ere. Livornoko Il Tirreno agerkari digitalak jaso zuen gertaera (behean irudi bat). Eta erabiltzaileen erantzunak ere sortu zituen berriak, horietako batzuk jatorri euskalduneko furgonetaren harira. Bergarako erabiltzaile batzuen erantzunak ere jaso ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak