Oraindik aukera dago Udako Argazki Lehiaketan parte hartzeko

Maite Txintxurreta 2017ko abu. 23a, 17:00

Goienaren Udako Argazki Lehiaketa martxan da aurten ere, eta berritasunak daude tarteko. Hala, esate baterako, Goiena Saria sortu da, Goiena Aldizkaria edo Puntua agertzen den argazkirik originalena saritzeko asmotan.

Irailaren 17ra arte bidali daitezke argazkiak Goienaren lehiaketan parte hartzeko, argazkiak@goiena.eus helbidera edo Whatsapp/Telegram bidez (688 69 00 07).

Debagoienean jaio edo bizi den edonork har dezake parte, eta argazkiak koloretan zein zuri beltzean aurkez daitezke, originalak izan behar dutelarik.

Aurtengo udan edo lehenagoko beste uda baten ateratakoak izan behar dira argazkiak, eta horiekin batera egilearen izen abizenak, harremanetarako telefonoa eta e-posta eta argazkia non eta noiz ateratakoa den eta bertan zeintzuk agertzen diren zehaztu behar da. Poltsikoko telefonoarekin, argazki kamerarekin eta tabletarekin ateratako argazkiek balio dute.

Jasotako lan guztiak argazki lehiaketaren blogean argitaratzen joango dira.

Sariak

Lehiaketa horren baitan lau sari desberdin banatuko dituzte. Lehen sariaren irabazleak tablet bat jasoko du opari. Puntuarekin edo Goiena aldizkariarekin ateratakoen Goiena Saria kategoriakoak berriz, bi pertsonendako bazkaria edo afaria Gure Ametsa jatetxean.

Publikoaren saria, berriz, Zumaiako Zelai talasoterapian bi pertsonarendako zirkuitu termala eta Zelai menua izango da.

Eta, bukatzeko, parte hartze sariaren irabazleak Intersport Loramendi dendan erabiltzeko ehun euroko erosketa txartela jasoko du.

Irailaren 25etik urriaren 1era izango da Publikoaren Saria aukeratzeko epea, eta irabazle guztiak urriaren 6an emango dira jakitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak