''Contadorrek ondo estutuko gaitu, lan ona egin gurako du-eta agur lasterketan''

Xabier Urtzelai 2017ko abu. 18a, 12:54

Espainiako Itzulira joateko maleta prestatzen dabilen bitartean, azken hilabetean Markel Irizarrek (Oñati, 1980) eta etxekoek bizileku izan duten autokarabana inguruan giroa tristetu egin da. ''Aita, zenbat urte izango ditut bizikletan ibiltzeari uzten diozunean?'', galdetzen dio semeetan erdikoak, Aimarrek. ''Hauxe da gogorrena'', dio Irizarrek, jakinda bihar Frantzian hasiko duten Vueltaren ostean Munduko Txapelketara joan beharko duela zuzen. Hilabeteko 'oporraldiaren' ostean, indarberrituta dagoela aitortzen du Oñatikoak, Contadorren agurrerako gertu.

Geroago eta gehiago kostatzen da duela gutxi kanpoan luzaroan egon eta gero —Apiriletik Tour amaierara arte kanpoan egin ditu egun gehienak, lehian edo taldearekin kontzentratuta— etxekoak beste hilabete pasatxorako agurtzea.

Bai, hori da gogorrena. Maletak egiten nabilela ikusten nautenean tristetu egiten dira. Semeek euren mugak ezarri gura izaten dituzte, eta galdetzen didate zenbat denbora egingo dudan kanpoan, edo zenbat urte gehiago geratzen zaidan txirrindulari moduan [Aimarrek dagoeneko egin ditu kalkuluak, bederatzi urte izango dituela dio, aitak eman dion erantzunaren arabera]. 

Azken hilabetean ingurukoak oporretan zeuden bitartean zeuri lan egitea tokatu zaizu, baina opor giro horrek laguntzen du deskonektatzen.

Bai, hilabetea egin dugu autokarabanan. Tourretik bueltan, Donostiako klasikoa egin eta iparraldera joan ginen lau egun, eta ondoren Pirinioetan ibili gara, Arango bailaran, batez ere. Oso ondo hartu dut atseden, gustora eta ondo entrenatu naiz eta esango nuke mentalki inoiz baino freskoago iritsiko naizela Vueltara. Batzuetan ez da erraza izan inguruan denak oporretan daudela ikustea, eta norbera Vueltan pentsatzen [barre], eta bestalde, Vuelta ondo prestatzea ez da erraza izaten, Donostiako klasikotik etorri eta atseden hartu behar izaten dugulako, eta ondoren bederatzi entrenamendu egun izaten ditugulako Vuelta hasi baino lehenago. Bada, argi dago prestakuntza ez dela perfektua, baina urteroko kontua da hori. Eta pilak kargatuta noa, garrantzitsua da hori, 3 aste hauen ondoren 90 konpetizio egun baino gehiago izango ditudalako aldean, eta kontzentrazio egunak batuta urte erdi daramadalako kanpoan.

Vueltaren gainean berbetan hasi aurretik, zer moduzko urtea izaten ari da? Lider aldaketak izan dituzue, Cancellararen ordez Contador duzue taldean, egutegi aldetik ere aldaketak izan dituzu, batez ere udaberriko klasikoetan...

Garbi dago liderrendako lan egiten dugun ziklisten lana baloratzen dela liderrak berak egiten duenaren arabera. Kasu honetan, Alberto bigarren izan da Katalunian, Andaluzian, Paris-Nizan eta Euskal Herriko Itzulian, eta arantza hori hor geratzen da, horietan irabazi egingo balu gure lana ere seguruenik beste modu batean baloratuko litzatekeelako. Gauzak ez dira nahi moduko ondo irten, Tourrean ere hobeto ibiltzea gura genuen, baina horrek ez du esan gura urtea txarto doanik, ezta gutxiago ere. Ea Vueltan zer moduz ibiltzen garen.

 Izango duzu askatasunik Vueltan?

 Ez, mendiko etapetan, mendateak iritsi aurretik Albertoren ondoan egon beharko dugulako, eta ondoren, esprinteko etapetan ere John Degenkolbendako horiek prestatzeko lan egin beharko dudalako. Baina hori gutxienekoa da, garrantzitsua taldearendako lan ondo egitea da. Ni lehen ez nintzen Cancellararen gregarioa, eta orain ez naiz Albertorena. Ni taldeko gregarioa naiz, eta taldeak eskatzen didan horretara moldatzen naiz, izan itzuli handietan, edo iparreko klasikoetan. Bai eskatu diedana da urte hauetako batean Giroa lehiatu ahal izatea, akaso Tourra izango da lasterketa handiena, baina ilusio hori daukat.

Zapatutik aurrera 3.200 kilometro izango dituzue aurretik, eta zuen liderraren agur itzulia izango da. Contadorrek ondo estutuko zaituzte.

[Barre] Bai, bestela ere ondo estutzen gaitu lasterketan, bai. Lanean oso zorrotza da, eta Vueltan, bere etxean, ondo egin gurako ditu gauzak. Taldean badakigu lasterketa berezia dela beretako, Madrilen amaituko da eta kontutan izan behar da tropelean itzuli handi gehien dituen ziklistak esango duela agur [Zazpi ditu guztira, doping kasuak tarteko bi itzuli handi kendu egin zizkioten-eta]. Horrenbestez, taldearendako lasterketa garrantzitsua da, ardurak hartu beharko ditugu, paliza ederrak hartuko ditugu baina Fabianek urrezko domina batekin agur esan zuen moduan, ona izango litzateke Albertok garaipen batekin ere agur esatea. Sailkapen orokorrerako borroka ez dakit zelan egongo den, baina etapa garaipenen bat eskuratzea ondo egongo litzateke.

Eta, Vueltaren ostean zer?

Norvegian egingo dituzten Munduko Txapelketetara joango naiz seguruenik, taldeko erlojupekoan parte hartzera, eta azken orduko lesiorik ez badago amaitutzat emango dut urtea, eta 2018an pentsatzen hasi beharko dugu.

Contadorren hutsunea bete beharko du taldeak ostera.

Badakit taldea ibili dela horretan lanean, Mikel Landa fitxatzeko asmotan ibili dira, baina ez dute lortu. Eta, ahalegin batzuk egin badituzte ere, lasai daude, ez dagoelako askorik egiteko aukerarik. Landa Movistarrera doa, Dumoulinek 2022ra arte du kontratua, Quintanak ere kontratua du, Richie Portek, Rigoberto Uranek eta Froomek ere kontratuak berriztu dituzte, eta ez dira askoz ere gehiago geratzen: Bardetek kontratua du, Pinotek moduan...

Bauke Mollemarekin aurrera, hortan.

Bistan dago puntako ziklistak ekartzea oso zail dagoela, baina beti diot bigarren mailan edo koska bat beherago dauden ziklistekin talde oso indartsua egin daitekeela. Izagirre, Intsausti, Andrey Amador... Halakoek izugarri igotzen dute talde bateko maila. Akaso lider indartsu baten faltan egon zaitezke, baina beste helburu batzuengatik borrokatu gaitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak