Begi bistan nabarmena da ohi baino ur gutxiago duela Urkuluk abuztu erdialdeko egunotan, kanalari begiratuz gero, bereziki. Hori dela eta, alerta egoeran dago, larrialdi egoeratik gertu.
Aurreko urteetako datuekin alderatuz ezartzen ditu Gipuzkoako Ur Kontsortzioak aurre alerta, alerta edo larrialdi indizeak.
Aste honetako azken neurketaren arabera, Urkulu ehuneko %70ean dago beteta. Ur maila baxua da hori, batez ere, kontuan izanda, azken hamarkadako neurketen arabera urte sasoi honetarako batez beste %82aren bueltan ibiltzen dela uraren maila. Urtegiaren betetze maila iazko sasoi honetan %80koa izan zen.
Eguraldi iragarpenaren arabera, datozen egunotan ez da prezipitaziorik izango, eta, beraz, litekeena da uraren mailak beheranzko joera jarraitzea.
Alerta egoeraren aurrean kontsortzioak jarraipen zehatzagoa egingo dio urtegiaren egoerari.