goiena.eus

Aplikazio Mugikorren Masterra egiteko akordioa

  Hezkuntza  Arrasate  Debagoiena

Batura Mobile enpresak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute graduondoko  berri hau eskaintzeko. Bilbao Berrikuntza Faktorian emango da, erdi presentziala izango da eta 2017-2018 ikasturtean hasiko du bere bidea, urritik aurrera. Interesatuentzat matrikulazio epea zabalik dago.

Bi elkarteen arteko lankidetza-hitzarmena gaur sinatu da Bilbon, eta bertan izan dira Batura Mobileko Gotzon Arzelus, eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako dekanoa den Lander Beloki.

"Masterreko prestakuntza-programak erantzuna eman nahi dio ekonomia digitalaren merkatuan gero eta nabarmenagoa den beharrari. Hain zuzen, mugikorren sektoreak hazkunde handia izan du azken urteetan, eta enpresek ez dute hazkunde hori bideratzeko behar besteko talenturik aurkitzen" adierazi du Gotzon Arzelusek.

Lander belokiren ustez estrategikoa den merkatu baten aldeko apustua da. "Gure gizartean izan den iraultzarik handienetako bat da ekonomia digitala; hori dela eta, negozio-eredu,  produktu, zerbitzu, bezeroekin jarduteko modu eta kanal berriak sorrarazten ari da. Adibidez, mugikorren sektorean, aplikazioen —appen— erabilerak hartzen du mundu digitalean ematen den denboraren % 54, eta mugikorren bidezko erosketak handitzen eta erosketa tradizionalak ordezten ari dira. Horregatik, iraultza horretan parte hartzeko behar diren ezagutza eta 2/3 gaitasunen jabe izateak lehiarako abantaila ekar diezaieke enpresei, eta lanbide-etorkizun erakargarria gazteei".

Urrian hasteko gertu

Masterra erdi presentziala izango da: 60 ETC izango ditu, aurrez aurreko 200 ordu eta beste 100 online. Urritik apirilera bitartean emango da —uztailean entregatuko da master-bukaerako proiektua—, Bilbao Berrikuntza Faktorian, asteazken arratsaldetan (online), ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan.
Aplikazio mugikorren garapenaren eta fabrikazioaren inguruko ezagutza teorikoak eta praktikoak jaso nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago, teknologia berrietako profesionalak izan zein ikasketak amaitu berri dituzten gazteak izan.

Irtenbide mugikorrak diseinatzen, garatzen eta merkaturatzen ikasiko dute horiek. Masterrak ikuspegi praktikoa izango du. Hala, ikasleek, hainbat erronkaren bidez, konponbidea emango diete enpresen benetako arazo eta beharrei. Gainera, sektoreko enpresetan praktikak egin ahalko dituzte ikasleek.
Matrikula-epea zabalik dago jada. Informazio gehiago jasotzeko, deitu telefono zenbaki honetara: 943 718 009.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa