Debagoieneko langabezia datuek bide onetik jarraitzen dute

Xabi Gorostidi 2017ko abu. 3a, 19:01

%0,33-ko jaitsiera izan du langabeziak Debagoienan, abuztu hasierako datuei erreparatuz gero. Uztaila hasieran baino 71 langabetu gutxiago daude, eta datuak hobera egin du ia herri guztietan. Oñatin, Elgetan eta Gatzagan langabeek gora egin dute, baina oso modu leunean.

Susperraldi ekonomikoa deritzon horren erakusle gisa hartu daitezke abuztu hasierako langabezia datuak. Guztira, Debagoienan, 2.528 langabe daude, biztanleria aktiboaren %8,32 hain zuzen. Uztaila hasierarekin alderatuta datuak %0,33 egin du behera, baina urtarrila hasierako datuarekin, aldiz, %1,50. Urte hasieran 2.985 langabe zeuden, beraz, 457 lagun gehiago daude lanean momentu honetan.

Antzuola

Antzuolan, bi pertsona gutxiago daude langabezian uztailarekin alderatuz gero. Urtarriletik maiatzera zifrak beheranzko joera izan zuen, baina ekainean gora egin zuen, bi lagun gehiagorekin. Hala abuztuko datuak, maiatzeko zifra berbera uzten du, eta beheranzko joerari eusten dio. Urte hasierarekin alderatuta, urtarrilean baino 9 langabetu gutxiago daude, %1,81eko jaitsierarekin.

Aretxabaleta

Aretxabaletan hamar pertsona gutxiago daude langabezian, uztailarekin alderatuz gero. Urtarriletik abuztura datuak behera egin du hilero hilero, eta momentu honetan 235 dira lanik gabe daudenak (%6,84). Urte hasierarekin alderatuta, urtarrilean baino 56 langabetu gutxiago daude, %1,63ko jaitsierarekin.

Arrasate

Arrasatek izan du langabe kopuruko jaitsiera handiena, uztailetik hona 36 lagun gutxiago daudelako langabezian. Debagoienan 71 langabe gutxiago badaude, horiek erdiak Arrasatekoak dira. Momentu honetan 1.165 lagun daude lanik gabe (%11,16). Urte hasierarekin alderatuta, urtarrilean baino 159 langabetu gutxiago daude, %1,53ko jaitsierarekin.

Bergara

Bergaran uztaila hasieran baino 19 langabe gutxiago daude orain. Otsailetik hona datuak hobera egin du etengabe eta momentu honetan langabetuen kopurua 581ekoa da (%8,04). Urte hasierarekin alderatuta, urtarrilean baino 91 langabetu gutxiago daude, %1,26ko jaitsierarekin.

Elgeta

Elgetan datuak okerrera egin du, uztaila hasieran baino bost langabetu gehiago baitaude. Urtarriletik ekainera datuak hobera egin du hilabete guztietan, eta hau izan da zifra handitu urteko lehen hilabetea. Momentu honetan 42 langabetu daude (%7,28). Urte hasierarekin alderatuta, urtarrilean baino 10 langabetu gutxiago daude, %1,73ko jaitsierarekin.

Eskoriatza

Eskoriatzako datua ere nabarmentzekoa da, uztailean baino 21 langabetu gutxiago daudela. Langabeen portzentaiak puntu bat egin du behera azken hilabetean, %8,17tik %7,14ra. Momentu honetan 145 lagun daude lanik gabe, urte hasieran baino 38 gutxiago.

Leintz-Gatzaga

Gatzagako datuak okerrera egin du, uztailean baino langabetu bat gehiago dagoelako herrian. Momentu honetan hamar dira (%7,25), urte hasieran baino hiru gehiago.

Oñati

Elgetan bezala, hilabetetik hilabetera zifra hobetzen joan ostean, okerra egin du langabeen datuak Oñatin. Uztailean baino 11 lagun gehiago daude lanik gabe, 295 guztira (%5,43). Urte hasierarekin alderatuta, urtarrilean baino 97 langabetu gutxiago daude, %1,78ko jaitsierarekin.

Aramaio

Aramaiok jarraitzen du eskualdeko langabezia tasa baxuenarekin (%2,65). Uztailetik abuztura aldaketarik izan ez duen herri bakarra da, zifra 20 pertsonan mantendu delako. Hala ere aipatu beharra dago, orain urtarrilean baino bi lagun gehiago daudela lanik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak