"Gailurrik baliotsuenak" berezia egin du Felixen heriotzaren urtemuga

Xabier Urtzelai 2017ko uzt. 28a, 06:00

Felix Iñurrategi, artxibo erretratuan.

Duela hamazazpi urte, uztailaren 28 batez, zorigaiztoko albistea iritsi zen Gasherbrum II menditik. Ia bi hamarkada geroago, Himalaiako Karakorum mendilerroko tontor berean lortu dute Alberto Iñurrategik eta WOKpeak proiektuko soka-lagun Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak "gailurrik baliotsuena". Hilzorian zegoen mendizale bati bizitza salbatu diote.

"Hauxe da gailurrik onena, mendizaletasun honetan sinisten dugu. Mendian genituen helburuak bertan behera utzi eta gero goibel geunden, eta honek sekulako poztasuna eman digu, bizitza da-eta tontorrik garrantzitsuena", adierazi dute Walk On Proyect egitasmoko soka-lagunek. Felixek ere bat egingo zukeen esan horiekin, seguru. 

Gaur, 17 urte Felix Iñurrategi joan zela

2000. urteko uztailaren 28an zendu zen Felix Iñurrategi (Aretxabaleta, 1967) Alberto anaiarekin batera GII mendia jaisten ari zenean. Ondo iritsi ziren tontorrera –zortzimilakoen artean 12.a zuten–, baina beheranzko bidean labandu eta amildu egin zen. Kolpe gogorra izan zen Aretxabaletako herriarendako, eta euskal mendizaletasunarendako. Ondoren, Felix gogoan izateko, eta Baltistango Hushe bailarako komunitateetan bizi diren pertsonen giza garapena sustatzeko sortu zuten Felix Baltistan fundazioa, egun lanean diharduenak. 

Oihartzun handia izan du WOPeko hirukoaren erreskateak 

Aste barruan erreskatearen gaineko kronika aurreratu eta gero [Goian duzue linka], GOIENA Alberto Iñurrategirekin harremanetan jartzen ahalegindu da egunotan, baina Valerio Annovazzi oinarrizko kanpalekuan onik utzi eta gero, WOP espedizioko kideek trekking luzea zuten aurretik, eta egunotan ezinezkoa izan da aretxabaletarrarekin harremanetan jartzea. Abuztuaren 2an iritsiko dira Loiura, eta orduan emango dituzte xehetasunak, prentsaurrekoan.

Hain zuzen, Baltistan fundazioko lagunek gertatutakoaren gaineko hausnarketa egin dute, eta euren webgunean zintzilikatu: "Ez da lehen aldia euskal mendizaleek elkartasun eredu bihurtzen direna goi-mendietan lagunek bakarrik utzitako mendizaleei lagunduz. Gogora datorkigu Nanga Parbaten gertatutako antzeko pasadizo bat. Orduan, Iñurrategi anaiak, Jon Lazkano eta Jose Carlos Tamayo izan ziren protagonistak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza eta laguntza ekonomikoa Fundaziora bideratu zuten Hushe Ibarrean sortutako larrialdi egoera bati irtenbidea emateko. Hain zuzen, Alberto Iñurrategik eta Jon Lazkanok sortu zuten Baltistan Fundazioa beste hainbat lagunekin batera, eta gaur egun erakunde horrekin konprometituta jarraitzen dute biak Patronatuko kide bezala. Bada, Baltistan Fundazioa osatzen dugunok harro gaude elkartasun eredu horiek gure artean izateaz, eta sentimentu hori Mikel Zabalza eta Juan Vallejorentzat ere hedatzen da eurak ere salbamendu honen parte aktiboa izan direlako. Gure aitortza hiru mendizaleei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak