KUP abesbatza Proventzan da kantuan

Imanol Beloki Unamuno 2017ko uzt. 28a, 11:00

KUP abesbatza Bartzelonako Abesbatzen Munduko Sinposioan

KUP taldea uztailaren 22tik uztailaren 26ra bitartean Bartzelonan izan da Abesbatzen Munduko Sinposioan, eta, lau kontzertu eskaini ostean, Proventzara (Frantzia) joan dira, 'Festival de choeurs lauréat' jaialdira. Uztailaren 30era arte egongo dira han.

Tolosan egoitza duen KUP abesbatza Euskal Herriko toki askotako kideek osatutakoa da; horien artean daude Aitor Biain eta Amaia Igartua oñatiarrak, Rakel Murgiondo arrasatearra eta Karlos Etxaniz bergararra. Hainbat ekitalditan izan dira parte hartzen egunotan,  Bartzelonan eta Frantzian, eta abuztuaren lehen egunetarako ere badituzte hainbat kontzertu; azken horiek Euskal Herrian eskainiko dituzte.

Hiru urtean behin antolatzen den Abesbatzen Munduko Sinposioa Bartzelonan izan da aurten, eta uztailaren 22tik 26ra bitartean han izan da KUP tadea lau kontzertu eskaintzen. Euskal Herriko eta Estatuko ordezkari bakar moduan joan dira, eta izan dituzten emanaldietarako bi programa prestatu dituzte.

Abesbatzen ikuskizunez gain, sinposio horretan, mundu mailako zuzendari onenak batzen dira, master class-ak, hitzaldiak… eskaintzen dituzte. Bestalde, produktoreak ere diskoak aurkezteko eta saltzeko izaten dira. Hala, aurtengo leloa edo gaia Bakearen kolorea izan da, eta abestu diren kantuak horren ingurukoak izan dira.

"Esperientzia aberasgarria"

Munduko 24 abesbatza batzen dituen sinposiora bi programarekin joan dira: XVI. mendetik aurrerakoa da bat, gaur egungo kantez osatuta dagoena; beste programan, berriz, gaur egungo konpositoreek bakea gai moduan izanda espresuki sinposiorako prestatu dituztenak aurkeztu ditu KUP taldeak Bartzelonan.
"Ez dago saririk, ohorea da bertan egotea soilik. Bi programekin lau errepertorio ezberdin aurkeztu ditugu Bartzelonan. Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da, eta intentsua, gainera. Hala, dena aurrez pentsatu bezala irteten ari da. Bigarren emanaldia aire librean zen, baina, euria hasi zuenez, lokalizazioa aldatu egin behar izan genuen. Hala ere, oso leku erakargarrira eraman gintuzten, eta oso ondo egon zen. Hirugarren emanaldia, aldiz, areto nagusian izan zen, eta izugarria izan zen…", adierazi du Karlos Etxaniz KUPeko kideak.

Bartzelonatik Frantziara

Eguaztenean, Bartzelonatik Frantziara bidaiatu zuen taldeak, eta han hiru kontzertu eskainiko dituzte: "Italiako eta AEBetako koru bana, eta Euskal Herritik gu izango gara bertan uztailaren 30era arte. Bartzelonakoarekin alderatuta, ekitaldi ezberdina izango da, sariren bat edo beste jasotako abesbatzak batzen dituena. Ekitaldi indartsua izango da, gainera, Frantzian zaletasun handia dago; bikain ibiliko gara, seguru", adierazi du Etxanizek. Bartzelonako eta Frantziako kontzertuen ostean, deskantsurako egun bat hartuko dute KUP abesbatzako kideek, baina gero, Euskal Herrira bueltatu eta beste hiru emanaldi eskainiko dituzte.

Abuzturako hainbat kontzertu

Frantziatik bueltan, Donostiako Hamabostaldian, abuztuaren 1ean izango dute lehenengo kontzertua. Ondoren, abuztuaren 3an Bermeon izango dira, eta, azkenik, Getxon, abuztuaren 4an, udako zikloaren barruan izango dute opor aurreko azken emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak