Langabeziak behera urteko bigarren hiruhilekoan

Jokin Guridi 2017ko uzt. 27a, 12:47

Euskal Herriko urteko bigarren hiruhileko langabezia datuak argitaratu ditu Gaindegiak, eta apal baina behera egin du 2015etik duen joera mantenduz. Ipar Euskal Herrian dago langabezia tasarik baxuena eta Araban igo da gehien. Europar Batasuneko herrialdeekin alderatuz gero, laugarren handiena da.

Aipatzekoa da, INE eta EUSTATen datuen arteko kontraesana, batez ere Bizkaiaren kasuan. INEren datuen arabera, lurralde honetan langabezia tasa bere horretan mantendu da, igoera oso txiki bat izan badu ere, eta EUSTATen datuen arabera aldiz, puntu erdi jaitsi da. Berdin gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurraldeekin ere, nahiz eta biak bat datozen Gipuzkoan langabezia tasa jaitsi eta Araban igo den, datuek puntu erdi eta bi puntu eta erdi artean dantza egiten dute Gipuzkoaren kasuan eta 0,3 eta puntu oso baten artean Araban. Ipar Euskal Herrian, INSEEren behin-behineko datuen arabera, 0,3 puntu apaldu da langabezia, hain zuzen ere, Nafarroa Garaian gertatu denaren aurkakoa. Modu batean ala bestean, biztanleria aktiboa lurralde guztietan igo egin da, gehiago ala gutxiago.

Euskal Herriko datu orokorrak kontutan hartuz, INEren arabera langabezia tasa ia puntu erdi jaitsi da, %10,79an kokatuz. EUSTATen arabera aldiz, jaitsiera txikiagoa izan da eta %10,62an kokatu da denbora tarte honetan. 2016 urtearekin konparatuz gero berriz, puntu eta erdi eta bi puntu artean jaitsi da langabezia tasa Euskal Herrian, kontsultatutako iturriaren arabera. Hala ere, bi iturriak bat datoz 158.000 langabe inguru daudela.

Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeekin konparatuz gero, bataz besteko langabezia tasa Euskal Herrikoa baino modu nabarmenagoan apaldu da eta bi lurraldeen arteko aldea 0,2 puntu handitu da. Gaur egun, Euskal Herriko langabezia tasa Europar Batasunekoa baino 3,1 puntu handiagoa da INEren datuen arabera, eta 28 herrialdeetatik handienetarikoa izaten jarraitzen du. Zehazki, laugarren handiena, Grezia, Espainia eta Italiaren atzetik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak