Mendizale bat erreskatatu dute Iñurrategik eta soka-lagunek GII-n: "Hau da gailurrik garrantzitsuena"

Xabier Urtzelai 2017ko uzt. 25a, 16:49
Argazkia: WOPeak/Facebook

Eguraldi txarragatik WOPeak proiektuko kide Alberto Iñurrategik, Mikel Zabalzak eta Juan Vallejok amore emana zuten GI eta GII mendiak lotzeko erronkan, eta espedizioa etxera bueltatzeko prestatze lanetan zebilenean etorri da benetako tontorra: Valerio Annovazzi mendizale italiarra erreskatatzeko erabakia hartu eta helburua lortuta itzuli dira onik oinarrizko kanpalekura. 

Ezohiko bideetatik GI eta GII mendiak lotzeko asmoz joan ziren Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza Gasherbrum-etara. Baina, eguraldi txarra izan zuten: elur asko, haize zakarra... Kondizio txarrak ikusita proiektua bertan behera utzi eta etxera bueltatzeko lanetan ziren mendizaleak, proiektuko "gailurrik garrantzitsuena" egin duten arte.

Espedizio komertzial bateko kide bat falta zela ikusi –59 urtetako Valerio Annovazzi mendizale italiarra– eta Arkaitz Saiz argazkilariaren teleobjetiboa erabilita Annovazziren kanpin denda 3. kanpalekuan zegoela ikusi ahal izan zuten –7.100 metrora–. GIIa igotzeko azken ahalegina egin ostean, Kukuczka-Kurticka bidetik jaitsiera luze eta gogorra egin berritan zeuden hiru euskaldunak, baina italiarrak arazoak zituela jabetuta gorako bidea hartzea erabaki zuten. Atzo, astelehena, hasi zuten goranzko bidea, eta hamabi ordu behar izan zituzten 3. kanpalekura iristeko. 

Italiarra kanpin dendan aurkitu zuten, GIIko gailurra egin eta gero, erabat deshidratatuta eta lau egun 7.000 metrora egin ostean izozketa-sintomekin. Jatekoak eta edatekoak eman, medikazioa eman, eta hiru soka-lagunen laguntzarekin jaitsi ahal izan zen, bere kabuz, baina gertutik jarraituta. Konpromiso handiko jaitsiera izan zen, pitzaduraz betetako bidean zehar italiarrari uneoro lagundu behar izan ziotelako, sarritan geldituz: "Hauxe da gailurrik onena, mendizaletasun honetan sinisten dugu. Mendian genituen helburuak bertan behera utzi eta gero goibel geunden, eta honek sekulako poztasuna eman digu, bizitza da-eta tontorrik garrantzitsuena". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak