Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak azaldu duenez, ‘Elkarbizitza helburu’ programaren helburua “erradikaltasuna saihestea delitu aurreko faseetan, gazteak inpermeabilizatzea mezu erradikalen aurrean, mezu erredikalei aurre egiteko tresnak izan ditzaten eta dagoeneko barneratu dituzten jokabideak edo ideiak desaktibatzea” da.
Programak hiru fase izango ditu. Lehen fasean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden gazteak zaintzen dituzten langileei prestakuntza emango zaie, langile guztiak gai izan daitezen talde terroristek gazteren bat manipulatu duten edo aurrez horretarako arriskua ote dagoen detektatzeko. Bigarren fasean aldiz, gazte musulmanei hitzaldi eta talde dinamiken bidez formakuntza orokorra emango zaie. “Horren bitartez –gehitu du Peñak–, saiatuko gara gazte horiek beharrezko tresnez hornitzen, beren inguruko manipulazio saiakerak detektatu ahal izateko, eta, horrela, saihestu ahal izateko”. Azkenik, hirugarren fasean, egoera bakoitzarentzako ikuspegi egoki bat erabiliz, erradikaltasun adierazleak dituzten gazteengan esku-hartze bat egingo da, komunitate islamiarrarekin lankidetzan.
Esku-hartze psikosozialaren ereduak bi ezaugarri nabarmentzen ditu: gazteen autonomia eta erantzunkidetasuna. Bi ezaugarri hauek uztartu eta sustatzean datza esku-hartzea, guztien eskubideak eta segurtasuna bermatuta, Aldunditik adierazi dutenez. Esparru horretan, eta gazteen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, tresnak eta gaitasunak eskaini behar zaizkiela gehitu dute, kultura eta erlijio aniztasuna eta horien ikuspegi erradikalak bereizteko.