Gipuzkoako 2016ko Errenta kanpaina "aurreko urtekoa baino hobea"

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko uzt. 24a, 15:11

Ezkerretik hasita, Jokin Perona, Jabier Larrañaga eta Yolanda Dominguez.

Gipuzkoako Foru Ogasunak jakinarazi duenez, 217 milioi euro jaso eta 269 miloi euro itzuli ditu. Beraz, 52 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi du 2016ko Errenta kanpaina. Jasotakoa eta itzulitakoaren arteko ezberdintasuna, aurreko urtekoarekin alderatuz 24 milioitan gutxitu da.

Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, Donostian agertu da gaur goizean 2016ko Errenta kanpainaren xehetasunak emateko. Adierazi duenez, Gipuzkoak 24 milioi eurotan "hobetu" du 2016ko Errenta kanpainaren emaitza aurreko urtearekin alderatuz. Ogasunak 217.483.98 euro jaso ditu eta 269.590.66 euro itzuli ditu 2016ko Errenta kanpainan, emaitza beraz 52.106.677 euroko negatiboan itxi du. Aurreko urteko Errenta kanpainan, Ogasunak 202.644.551 euro jaso zituen, itzuli aldiz 278.556.931 euro, eta kanpaina 75.912.380 euroko negatiboan itxi zuen ondorioz.

Jabier Larrañagak, ekonomiaren indartzean jarri du azpimarra hobekuntza azaltzeko: "Emaitza 2016 urtean enpleguak eta soldatek izandako hazkundeen isla da, eta susperraldi ekonomikoaren adierazle da hau guztia". Foru diputatuak azaldu du guztira 374.591 aitorpen aurkeztu direla, pasa den urtean baino 1.893 gehiago. "2011 urtetik lehen aldiz, hau da, lau urte jarraian beheraka joan ostean, joera irauli da eta hazi egin da aitorpen kopurua", azaldu du Larrañagak.

Foru diputatuarekin batera izan dira prentsaurrekoan Jokin Perona, Ogasuneko zuzendari nagusia, eta Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariorde nagusia. Peronak zehaztu du 216.153 autolikidazio proposamen onartu direla, bidali direnetatik %86. Ehunekoa aurreko urtekoa baino "zertxobait txikiagoa" izan da. "Herritarrentzat aitorpena aurkezteko erarik erosoena da eta, nahiz eta jakitun garen margen oso estuekin ari garela lanean, proposamenak hobetu eta onartzerakoan aldaketak egiteko aukerak zabaltzeko lanean jarraitzen dugu", azaldu du. Aitorpen mekanizatuak, bere aldetik, 72.552 izan dira, eta Internet bidez aurkeztu direnak berriz 85.886, hauetatik 66.952 aholkularien bitartez eta beste 18.934 norbanakoek.

Emaitzaren arabera, foru arduradunak azaldu du 265.070 aitorpen itzultzera izan direla (2015ean baino 4.351 gutxiago) eta 109.521 ordaintzera (2015ean baino 6.244 gehiago). "Aitorpen guztien %70,8 dira itzultzera irten direnak, eta batez beste 1.017 euro itzuli zaizkie zergadunei", zehaztu du Peronak. Ordaintzerakoak, bere aldetik, gainerako %29,2a dira, eta batez beste 1.986 ordaindu behar izan dizkiote Ogasunari zergadunek.

Aberastasuna eta Fortuna Handiak

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, foru Ogasunaren bilketa 64,4 milioi eurokoa izan da, pasa den urtean baino 70.000 euro gehiago. Prentsaurrekoan Dominguezek adierazi duenez, "gorakada hau 2015eko udazkenean zerga honetan ekonomi sustapenari oztopoak kentzeko egindako erreformen ondorio da". Guztira, 7.517 aitorpen aurkeztu dira eta 8.561 euro izan da batez beste ordaindu dutena; hau da, hazi egin da aitorpen kopurua, baina murriztu batez beste Ogasunari ordaindu beharrekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak