Behar-Zana elbarrituen elkarteak antolatuta, kanpaldia egin dute aurten ere Degurixan. Oñatitik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik, Legazpitik, Zumarragatik, Beasaindik eta Donostiatik joan dira, besteak beste. Zapatuan igo ziren eta bihar, astelehena, jaitsiko dira.
Aierdik Degurixan duen txabolan jarri dute aurten ere sukaldea eta jangela nagusia, eta haren bueltan komuna, egongela, harrikoa egiteko gunea eta lo egiteko makina bat kanpadenda.
Mendi ibilaldiak, tertuliak, lana eta jolasak egin dituzte, esate baterako, egun hauetan, baita domekako bazkari erraldoia ere. 80 lagunetik gora elkartu dira han; asteburua Degurixan pasatzen ari direnak batzuk eta eguneko bisitan joaten direnak beste batzuk, tartean gidari asko. Horietako bati, gainera, omenaldi txiki bat egin diote. Reyes Elortza oñatiarra duela 40 urte baino gehiago hasi zen gidari moduan eurei laguntzen, behar dituztenak (jatekoak, poltsak, maletak, gurpildun aulkiak...) automobilean igoten hain zuzen ere, eta eskerrak eman dizkiote bazkaria hasi aurretik. Bertso bat kantatu diote eta plaka bat eman. Denei eskerrak emanaz erantzun die oñatiarrak, pozik.