Tolosan egoitza duen abesbatza Euskal Herriko toki askotako kideek osatutakoa da; horien artean daude Aitor Biain oñatiarra, Rakel Murgiondo arrasatearra eta Karlos Etxaniz bergararra. "Hiru urtean behin egiten dute eta abesbatzen inguruan jarduten duten profesionalendako erakusleiho itzela da. Kontzertuez gainera, hitzaldiak, diskoak eta bestelako argitalpenen aurkezpenak, master class-ak... izaten dira", dio Karlos Etxanizek.
Bakearen koloreak da aurten aukeratu duten gaia; hortaz, gai horrekin lotutako kantuak bilduko dituzte abesbatzen errepertorioek. "Lau emanaldi egingo ditugu guk, eta emanaldi bakoitzak bere kantu zerrenda du. Oinarrian, baina, bi programa eskainiko ditugu: lehenengoa XVI. mendean hasi eta gaur egunera arteko bakeari buruzko abestiekin osatuta dago; bigarrena modernoagoa da. Espresuki Sinposiorako sortutako kantuek osatzen dute; besteak beste, Junkal Guerreroren, David Azurzaren, Eva Ugalderen eta Josu Elberdinen konposizioak".
Herriko aurkezpena, bikain
Domekan, Mariaren Lagundiko elizan Stoltz-Freres organoaren alde abestu zuen KUPek. Datozen ekitaldietarako "entrenamendua" izan zen abeslarientzako, eta gozamena, berriz, publikoarentzako, sare sozialetan zabaldutako mezuen arabera.