2017ko lehen seihilekoan 13.569 pertsona eraman dira epailearen aurrera arau-hauste penalen baten kontu emateko, ustezko delituak leporatuta. Aurreko urteko epe berdinean baino %3,1 gehiago suposatzen du honek. Hala ere, ustezko delitugileen kopurua handitu bada ere, delitu kopurua jaitsi egin da 2016ko lehen seihilekoarekin konparatuz gero. Ia puntu bat egin dute behera Ertzaintzak erregistratutako delituek, guztira 39.595 arau-hauste penaleko kopurura iritsiz. Honek esan nahi du gutxi gora behera 7 minututik behin delitu bat gertatzen dela EAEn, eta mila biztanleko delituen tasa 18,08koa dela. Izan ere, azken lau urtetako zifra baxuena da hau.
Beherakada handiena, portzentajeei begira, delitu larrietan izan da. Homizidio burutuetan hain zuzen ere, lautik bira jaitsi baitira. Gizartean sortzen duten alarma dela eta Europar Batasunak estrategikotzat jotako delituak ere jaitsiera jasan dute. Hauek homizidioak, etxebizitzetako lapurretak, indarra erabiliz egindako lapurretak, ibilgailuen lapurretak eta droga-trafikoa dira. Ondarearen aurkako delituak beheranzko joera jarraitzen dute, %3,82 jaitsiz, eta batez ere deigarria da indarra erabiliz egindako lapurretak %18,74 jaitsi direla.
Beste arau-hauste mota batzuk ere nabarmen jaitsi dira lehen seihilekoan. Motordun ibilgailuen lapurretek lehen aldiz egin dute behera azken hamar urtetan, ia %29 gutxiago, eta indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretek ere %16an egin dute behera. Droga-trafikoarekin erlazionatutako delituek ere behera egin dute %8 batean eta ordena publikoaren aurkako arau-hausteen epigrafetik ia desagertu egin dira edozein terrorismo motatako delituak.
Gora egin duten delitu motak ere badira, nahiz eta zenbaki orokorra jaitsi. Gehien hazi diren delituak sexu-askatasunaren aurkakoak izan dira, %28 batean, eta 2016ko lehenengo seihilekoan 170 arau-hauste izatetik aurtengo aldi berean 218 izatera pasatu dira. Lesioek ere gora egin dute ia %19 batean, eta hauen barnean familia barruko tratu txarrak hazi dira gehien. Hala ere, lesiorik eragin ez duten familiaren esparruko tratu txarren kasuek behera egin dute. Honetaz gain, hazi diren beste delitu batzuen artean, iruzurrak izan dira, batez ere sare sozialekin erlazionatutakoak, %3 inguruko gorakada izanez.