'Puntua': Oporrak beste modu batera

Goiena 2017ko uzt. 25a, 08:00

Edurne Urzelai oñatiarra seme-alabekin Parisen.

Badaude ohiko erako oporren ordez beste aukera batzuk aukeratzen dituztenak. Hotelak, aterpetxeak, kanpinak edota autokarabanak aukera bat dira, baina gero eta modu berri gehiago sortzen ari dira. Horietako batzuk etxe trukaketa, Couchsurfing eta WWOOF dira. Modu horiek aukeratzen dituzten zenbait debagoiendarren bizipenak jaso ditugu Puntua-ren ezken zenbakian.

WWOOF sarea

Uxue Zabaleta: “Bizitzeko beste era batzuk ezagutzeko aukera ematen dizu”

“WWOOF (World Wide Opportunities on Organic Farms) produkzio ekologikoen sarea Pikuñeta baserrian ezagutu nuen, Bergaran. Baserri horrek WWOOF jendea hartzen zuen, eta han sartu zitzaidan zirrara. Momentu hartan nire alabarekin bakarrik bidaiatzeko aukera nuen eta probatzea erabaki nuen. Alabarekin Gironara joan nintzen horrela, eta han jende gehiagorekin elkartu ginen eta umeak ere bazeuden. Oso ondo egon ginen hamabost egun bio-eraikuntzarako adobeko adreiluak egiten. Oso esperientzia positiboa izan zen, eta gero, bikotekidearekin Alpujarretan egon ginen, olibak jasotzen familia alemaniar batekin. Iaz Burgosen egon ginen bio-eraikuntza alorrean eraikuntzak egiten, primeran. Aurten oraindik ez dugu planik egin, baserri bat berritzen gaudelako eta lanez gainezka gabiltzalako. Horrela, guk ere gure baserrian, agian, WWOOF egin genezake etorkizun baten”, azaldu du Uxue Zabaleta bergararrak.

Lanordu batzuen truke ohea eta janaria jasotzen duzu, produkzio ekologikoetan, WWOOF plataformaren bidez: “Ordu batzuk lan egiten badituzu, baldintzak etxeak jartzen ditu –bost edo sei ordu, egun libreak, goizez edo arratsaldez...–, lo egiteko eta jateko aukera eskaintzen dizute. Web orrialdearen bidez informazio hori guztiori jaso dezakezu, eta ondoren, posta elektroniko bidez jarri behar duzu kontaktuan eurekin. Produkzio ekologikoak dira denak, hori da baldintza nagusia. Badaude beste aukera batzuk, lan egiteko aukera ematen dizutenak janari eta ohe truke, baina WWOOFen organic farms izan behar dute, ekologikoak”, dio bergararrak.

“Jendeak beste ohitura batzuk ditu, bizitzaren beste ikuspegi bat, eta hori oso interesagarria da. Ikusi eta ikasteko esperientzia berriak dira. Bizitzeko beste era batzuk ezagutzeko aukera ematen dizu”, aipatu du.

Couchsurfing

Jose Gonzalez: “Helburua doan ostatatzea da, baina hortik harago ere bada”

“2007tik gaur egunera arte daramat Couchsurfing webguneak eskaintzen duen bidaiatzeko modua erabiltzen. Guatemalako emakume bat izan zen aurreneko bisita, eta Donostia inguruan gidari lanak egin nizkion. Ondoren, 2008ko martxoan Guatemalara joan nintzen sistema bera erabilita, eta, ordutik hona, toki askotan egon naiz eta toki askotako jendea hartu dut nire etxean ere”, adierazi du Jose Gonzalezek.

“Norbaitekin bidaiatzen badut, zailagoa izaten da Couchsurfing erabiltzea, baina bakarrik noanean ia beti erabiltzen dut. Sistema horrekin, Guatemalan, Kolonbian, Argentinan, Israelen, Austrian, Txekiar Errepublikan, Sri Lankan eta Japonian ere ibili naiz”, azaldu du Gonzalezek.

Ostatatzea baino gehiago

“Oso esperientzia ona izan da eta oraindik bada niretako. Etxean hartu ditudan azkenak, adibidez, Esloveniako mutil bat eta Hego Afrikako bikote erretiratu bat izan dira, duela hilabete, gutxi gorabehera. Nik, adibidez, pintxo-potea ezagutzera eramaten ditut edo tokiak bisitatzeko gomendioak ematen dizkiet. Helburua doan ostatatzea da, baina hortik harago ere bada. Noski, herrialde batzuetan dirutza aurreztu dezakezu, ostatatzea doan irteten zaizulako. Baina bakarrik bidaiatzen baduzu, norbaitekin egoteko aukera izatea, toki ezberdinak ezagutzea... bertakoa den norbaitek bakarrik erakutsi ahal dizkizun gauzak ikusten dituzu horrela”, dio arrasatearrak. 

Oier Peñagarikano: “Orokorrean, jendeak besoak zabalik hartzen zaitu”

Hego Amerikan bidaiatzen zebilela ezagutu zuen Couchsurfing plataforma Oier Peñagarikano antzuolarrak: “Duela bi urte ireki nuen kontua, bidaia bat egiten nenbilela. Helburu finko barik Hego Amerikara bidaia bat egin nuen, eta Buenos Airesen egin nuen lagun batek Couchsurfing erabiltzera animatu ninduen. Gero, bidaian erabili nuen, eta orain, jendea ere hartzen dut nire etxean, nahiz eta ez den derrigorrezkoa. Argentina iparraldetik hegoaldera, Txile hegoaldetik iparraldera, eta gero, Bolivia eta Peru zeharkatu nituen, eta esperientzia ona izan zen, egia esateko, Couchsurfing bidez. Egia da nork bere bizimodua eta izateko modua duela eta, nolabait, egokitu egin behar duzula jendearen izateko modura. Izan ere, jendeak bere borondatez hartzen zaitu eta zuk errespetatu egin behar dituzu. Bakoitzak, izan ere, bizi izateko bere eredua du. Hala ere, nik ez dut esperientzia txarrik izan. Irekita bazoaz, ez dut uste esperientzia txarrik izango duzunik. Agian, feeling handiagoa edo txikiagoa izan dezakezu hartzen zaituzten horiekin, baina, orokorrean, jendeak besoak zabalik hartzen zaitu”.

Balio erantsia

“Doan izatea baino beste gauza batzuk baloratzen ditut gehiago; azkenean, gustura ez bazaude, oso garesti irten daiteke. Gaur egungo turismo ereduarekin toki batera heltzen zara, katalogo bat ematen dizute eta gauza zehatz batzuk erakusten dizkizute. Couchsurfingek ematen dizun aukera indartsuena, nire ustez, toki batera heltzean bertako errealitatea ezagut dezakezula da. Baten etxera zoaz eta bertako gatazka sozialak edo arazoak azaltzen dizkizu. Bertako norbait ezagutzen duzu, eta, bere ikuspuntutik, bere bizi eredua eta bere ingurua azalduko dizu. Niretzat, hori da balio erantsirik handiena”, dio Oier Peñagarikanok.

Etxe-trukaketa

Edurne Urzelai: “Ohiko turismo motatik kanpoko aukerak ematen dizkizu”

“Orain arte lau etxe-trukaketa egin ditugu. Bi Bartzelonara, bat Parisera eta beste bat Deniara. Aurten egingo dugu bosgarrena, Danimarkara goaz eta. Egia esan, orain arteko esperientzia guztiak oso onak izan dira”, azaldu du Edurne Urzelai oñatiarrak.

Etxe-trukaketen berri senide batek eman zienetik animatu zirela azaldu du Urzelaik: “Nire lehengusina batek egiten zuen eta interesgarria iruditu zitzaigun. Horrela, izena eman genuen Homeexchange webgunean, eta guk eskaerak egiten genituen bitartean eskaintzak jasotzen hasi ginen. Lehenengo proba Bartzelonakoa izan zen eta oso ondo irten zen. Handik aurrera jarraitu egin dugu, gustura”.

Besteengan konfiantza izatea eta irekita egotea gakoak dira horrelako oporrez gozatzeko, oñatiarrak azaldu duen moduan: “Guk ehuneko ehunean izan dugu konfiantza etorri direnekin, eta ez dugu inongo arazorik izan. Irekita egon behar duzu; hori bai, konfiantza izan behar duzu. Zu euren etxera joaten zara eta eurak zure etxera; beraz, ez diozu zure etxea edozeini uzten. Konfiantza elkarren artekoa da”.

Bi aldeak ados

“Webgune baten harpidetuta gaude eta urtero kuota bat ordaintzen dugu. Bertan, zure etxeko informazioa jartzen duzu, familia nolakoa den , nolako etxea duzun, non dagoen... Gure kasuan Oñati denez, herriko informazioa ere jasotzen dugu apur bat. Ondoren gustura egingo zenituzkeen bidaiak jartzen dituzu, eta hortik aurrera jasotzen dituzu zure etxera joatea interesa dutenen eskariak. Mezuak jasotzen dituzu eta zure interesen arabera erantzuten dituzu. Baiezko erantzuna jasotzen baduzu, eurekin harremanetan hasten zara, eta, aurrera irteten bada, ba, etxe-trukaketa gauzatzen da. Ezezkoa bada, ezezkoa idatzi eta ez dago inongo arazorik. Bi aldeak ados egon behar dute, noski”, azaldu du oñatiarrak.

Ohiko turismotik harago doa etxe-trukatzearen esperientzia, Edurne Urzelaik azaldu duen moduan: “Duda barik, egonaldiko dirua aurrezten duzu, eta duen beste abantaila bat da bertako bizilagunek esaten dizutela zein lekutara joaten diren, zer egiten duten jateko, zein festa dauden... Bertako bizimodua egiten duzu. Ohiko turismo motatik kanpoko aukerak dituzu. Eurek egiten dituzten gauzak proposatzen dizkizute, eta hori da politena, nire ustez. Azken finean, bizia duen etxe batera zoaz”.

Auria Gorostiaga: “Familiarekin egiteko oso aproposa eta polita da”

Duela zazpi urte hasi zen etxe-trukaketa egiten Auria Gorostiaga oñatiarra, familiarekin batera, eta dagoeneko sei aldiz trukatu dute etxea oporretan. “Asko gustatzen zaigu bidaiatzea, eta, umea izan genuenean, bidaiatzeko norakoak aldatu genituen. Bigarren etxebizitza bat genuenez Pirinioetan, horri probetxua ateratzeko asmoarekin animatu egin ginen. Nire izeba batek etxe-trukaketa egiten zuen eta haren esperientziak oso onak izan ziren. Guk lehenengoa Cadizera egin genuen. Oso esperientzia ona izan zen, eta urte berean, Gabonetan, Parisera joan ginen. Parisen ere oso ondo ibili ginen, eta gero, Karibeko irla txiki batera joateko aukera suertatu zitzaigun: San Martinera, hain zuzen ere. Euren egoera familiarra eta gurea oso antzekoak ziren eta animatu egin ginen. Etxe-trukaketa, jostailu-trukaketa, autoak... Dena trukatu genuen oporretan”, dio oñatiarrak.

“Fuerteventurara ere joan ginen, eta gero, beste bi ume izan nituen, eta, Pirinioetako etxearekin ez genuenez nahi genuen trukaketa lortzen, Oñatiko etxea eskaintzea erabaki genuen. Aldatu genuen, eta gero, beste bi urtetan Valentziara eta San Carles de la Rapitara joan ginen. Oso-oso esperientzia onak izan dira, eta ez dut baztertzen hemendik urte batzuetara bostok berriro animatzea”, azaldu du.

Familiendako aproposa

“Familiarekin egiteko oso aproposa eta polita da. Hasieran, beste baten etxera sartzen zarenean, arraro samarra izaten da, ez delako zure etxea, baina egun bat pasatzen da eta jada zure etxean zaudela sentitzen duzu. Oñatira etorri direnek ere pila bat gozatu dutela esan digute, oso gustura ibiltzen direla. Herriko giroa, Urbiara ibilaldia, Usakora... Herrian integratzen dira”, dio Auria Gorostiagak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak