Denboraldiko azken ahalegina, Bartzelonan

Xabier Urtzelai 2017ko uzt. 21a, 10:01

Espainiako Txapelketa Absolutuan izango dira asteburuan Istar Dapena, Malen Ruiz de Azua, Iñigo Uribarren eta Iruñean entrenatzen duen Maialen Axpe arrasatearrak; zapatu iluntzean lehiatuko dira gizonezkoak, domekan emakumezkoak. Eneko Carrascalek, berriz, zapatuan du Europako 20 urtez azpiko Txapelketako finalera sailkatzeko saioa.

Poloniatik bueltan etorri, aste barruan lan egin –eta ahal den moduan entrenatu–, eta ostera ere pertikak auto gainera igota Bartzelonarako bidea hartuko dute Arrasateko pertigistek, asteburuan dute-eta Espainiako Txapelketa absolutua, urteko azken hitzordua: "Polonian nahastu egin nintzen, eta zortea ere ez nuen aldeko izan. Esperientzia positiboa izan da, baina ez nintzen egindakoarekin pozik geratu", dio Istar Dapenak. Izan ere, Arrasatekoa 4,85eko markan geratu zen, ohiko saltoetatik oso urrun: "Norberaren entrenatzailea ondoan ez izaterakoan gertatzen dira halakoak, saltoetako erreferentziak ez nituen ondo hartu, pertiken aukeraketan nahastu egin nintzen... Kirol jarduera hau oso teknikoa da, eta detaile txikiek zeresan handia dute. Bada, zerbait ikasita itzuli gara Poloniatik". Arrasatekoarendako lehenengo parte-hartzea izan da Europako Txapelketa batean.

Malen Ruiz de Azuaren kasua bestelakoa da, Europako Txapelketan lehenengoz finalera sailkatu delako (4,20): "Pozik geratu naiz egindakoarekin, finalean egotea zen helburua, eta hasieratik ondo sentitu nintzen. Marka pertsonala ondu ez izana izan zen hobetu beharreko gauza bakarra, ea asteburuan Bartzelonan halakorik egiten dugun", dio. Izan ere, Espainiako Txapelketan egin dezakeen postua baino garrantzia handiagoa ematen dio 4,30 metrotako marka egiteari, hori du begiz jota.

Maialen Axpe, berriz, Gipuzkoako Txapelketan izan zen joan den astean (3.80) Bartzelonako hitzordura begira azken testa egiten. Bedoñakoak ez zuen urteko marka onenaren bueltan ibiltzeko aukerarik izan, duela hilabete Valladoliden 4.20ko marka egin zuen-eta. Pista estaliko Espainiako Txapelketan, berriz, 4,11 egin zuen.

Uribarren, gogotsu 

Iñigo Uribarrenek, berriz, mimoz prestatu du hitzordua. Gutxigatik ez zuen Europako Txapelketa absolutuan egoteko gutxieneko marka lortu, eta Bartzelonakoa du hitzordu nagusia: "Azkeneko hilabetea Espainiako Txapelketa prestatzen eman dut, eta egia esan, uztaila luzea egiten zaigu denoi". Uribarrenek ez du erronka makala aurrean, pista estaliko Espainiako Txapelketan podiumera igo zen (16,17) eta Bartzelonan beste horrenbeste egin gura du: "Nahiz eta badakidan oso-oso zaila izango dela. Sekulako maila dago, bost atleta inguru gaude postu horiengatik borrokan, baina ahalegina egingo dugu". Hala, marka pertsonal horiek ontzeko asmoz doaz denak, eta auketak dituzte.

Bada, zapatuan lehiatuko dira Dapena (19:00) eta Uribarren (20:30), eta domekan izango da Axperen eta Ruiz de Azuaren txanda (18:45).

Eneko Carrascal Italian dago, Europako Txapelketan

Grosseton (Italia) jokatzen dabiltzan Europako 20 urtez azpiko Txapelketan dago Eneko Carrascal arrasatearra. Astelehenean Bartzelonatik abiatu zen Italiara, eta egunotan entrenamendu saio txiki batzuk egin eta gero zapatuan, 16:45ean hasiko ditu kanporaketa saioak. Finalak, berriz, domekan izango dira, 15:15ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak