Debagoiena eta itsasoa, zeharkaldien bitartez

Iker Oñate 2017ko uzt. 21a, 09:07

Igerilariak, itsas zeharkaldian.

Ibarreko herrian kosta girorik ez bada ere, asko dira itsaso zeharkaldiak egitera animatzen diren debagoiendarrak; are gehiago, indartzen dihardu afizioak. Horietako batzuek, gainera, aurreneko postuak dastatzen dituzte.

Ezin uka debagoiendarren artean arrakasta handia dutela itsas zeharkaldiek. Igerilekuko probetara mugatu barik, itsasoan igeri egitera ausartzen den igerilari asko daude ibarrean; tartean, aurreneko postuak dastatzen dituztenak. Horri lotuta, aipamen berezia egin dakieke Xabier Gordoa oñatiarrari eta Jon Mujika bergararrari. Nork bere estilora, baina biek ala biek lortzen dituzte gustura egoteko moduko emaitzak.

Ibarreko igerilarien artean, indartuz doa itsas zeharkaldien bueltako afizioa. Hori gehiago nabari da urteko proba arrakastatsuenetan, gainerakoetan baino. “Ezin uka itsas zeharkaldietan parte hartzen duen debagoiendar kopurua gora doala, baina soilik proba zehatz batzuetan nabari da hori”, berretsi du Gordoak.

Itsas probez gaindi

Aipatu beharra dago, ohikoenean, ibarreko kirolariek ez dutela denboraldia udako itsas zeharkaldietara mugatzen. Askok, igerilekuko probetan murgildurik dihardute urtean zehar. Hori da, esaterako, Jon Mujikaren kasua.

Gaur-gaurkoz, Espainiako igeriketa txapelketarako prestakuntza fasean murgildurik dihardu bergararrak. Abuztuaren 1etik 5era bitartean izango da txapelketa, Terrassan –Katalunian–.  "Igerilekuko denboraldia amaitu arte, ezin dut itsas zeharkaldietan parte hartu. Espainiako txapelketa amaitu eta oporraldi bat hartu ostean hasiko naiz itsas probekin", argitu du Mujikak. Hala, Itzurungoa izango du itsasoaren bueltako lehen proba, abuztuaren 19an.

Esan beharra dago, bestetik,  denboraldian zehar izaniko prestakuntza saioak baliagarri zaizkio Mujikari: "Denboraldiko entrenamenduak lagungarri zaizkit itsas zeharkaldiei begira, duda barik". Finean, itsas probetan esku hartzen duten kirolariek igerilekuan entrenatzen dute sarri.

Proba kuttunak

Kirolari orok izan ohi du proba kuttunen bat. Bada, horiez mintzo, Getaria eta Zarautz arteko zeharkaldia dakarte gogora igerilariek; uztailaren 23an, domekan, egingo da aipaturikoa. “Parte hartzaile ugari dituen proba da; eta maila handiko jendea ibili ohi da gainera”, azaldu du Gordoak. Bertan izango da oñatiarra.

Domekako zeharkaldiari dagokionez, Gordoak argi du bere zeregina: “Ahalik eta distantzia luzeenean eutsi gura diot lehen taldeari, denbora asko ez galtzeko. Nire helburua ez da irabaztea, sekulako maila baitago”.  Denbora ona egitera doa, beraz.

Erlazionatuak

Itsas zeharkaldien xarmaz gozatzen

Amaia Txintxurreta Guridi 2017 uzt 20 Bergara   Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak