Ointxe! Saskibaloi Taldeak zuzendaritza berriarekin ospatuko du 50. urteurrena. Eta ez hori bakarrik, lehen taldea EBA kategorian duela. Jon Basurko buru –bi hamarkada egin ditu presidente moduan–, orain arte hamaika laguneko lantaldeak osatu du Ointxe!-ko zuzendaritza; hala, Basurkorekin batera Jesus Merino, Raul Kortabarria, Paco Alvarez, Gorka Zurutuza –jarraitu egingo du– Niko Badiola –jarraitu egingo du– Pedro Garcia, Mikel Mateos, Marcelino Caballero, Miguel Angel Lorenzo eta Gorka Aretxaga izan dira klubean. Orain, Zurutuzarekin eta Badiolarekin batera, beste lau lagunek hartuko dute klubaren gidaritzaren erreleboa: Oihane Agirrek –presidentea–, Jose Mari Balzategik, Ricki Vicentek eta Fran Fernandezek: "Albiste pozgarria da ikustea atzetik datozenak gogotsu datozela, ilusio berrituekin. Horrenbeste urte egin ostean guri jada horixe falta zitzaigun. Errelebo naturala da, hartu-eman handia izan dugu bi taldeen artean, batzuk jarraitu egingo dute, eta zuzendaritza utziko dugunon konpromiso maila orain arteko modukoa izango ez bada ere, gertu izango gaituzte, edozertan laguntzeko prest".
"Kluba, egoera oso onean"
Hain zuzen, zuzendaritza talde berrian arlo ekonomikoaren ardura izango du Fran Fernandezek: "Orain arte egin duten lana txalotu egin behar da, egoera ezin hobean hartu dugu kluba, eta lan horri jarraipena ematera gatoz gu".
Alde horretatik, ez da aparteko iraultzarik egongo, Oihane Agirre presidenteak adierazi moduan: "Kirol arloan egindako lana ikusgarria izan da, aurreko zuzendaritzak oso garbi zuen Ointxe!-k zer-nolako kluba izan behar duen, eta oraingo zuzendaritzak ikuspuntu berbera du. Alde horretatik, Gorka Zurutuzak kirol zuzendari lanetan jarraituko du eta Josu Larreategi izango da lehenengo taldeko entrenatzailea". Eta arlo hori indartzeko asmotan, Arrasateko taldeak dagoeneko egin du lehenengo fitxaketa: "Gasteiztik Eneko Mata entrenatzailea ekarriko dugu; EBAn esperientzia duen gizona da, harrobiarekin lan egitea zer den ondo dakiena".
Harrobia, hortxe indarra
"EBAn jokatzea oso ondo dago, baina harrobia horren gainetik egon behar da, hor jarri behar dugu indarra", dio Fernandezek. "Helburu nagusiak izan behar du saskibaloian jokatu gura duten gazteei horretarako aukera ematea, eta garrantzitsua izango da, baita ere, inguruko klubekin hartu-eman ona izatea".