Eibarrek 4-0 hartu du mendean Bigarren B mailako Barakaldo. Denboraldiaurreko partidua izan da; jokalariei oraindik asko geratzen zaie ohiko erritmoan jokatzeko, baina zale gazteek, eta ez horren gazteek, gozatu ederra hartu dute Atxabalpen, batez ere, norgehiagoka amaitu eta berdegunera salto egin dutenean, jokalari gogokoen sinadura bila. Nano, Capa –birritan– eta Enrich izan dira golegileak.
Arratsalde borobila izan da Atxabalpekoa. Eta, aurreikusi bezala, Atxabalpeko harmailek itxura ederra erakutsi dute Eibarren eta Barakaldoren artekoan. Mondra futbol taldeak ere bete du helburua. Batetik, klubeko ordezkari mordoa –jokalari, guraso edo zuzendaritzako ordezkari– izan da buru-belarri lanean, txosnan, errifak saltzen, berdegunean segurtasuna bermatzen, eta, seguru, urteko aurrekontuan bultzada izango dutela, jendeak erantzun egin du eta. Udal ordezkariak izan dira norgehiagoka jarraitzen, baita federazioko ordezkariak ere; eta berdegunean batu diren bi taldeek arazo barik jokatu ahal izan dute denboraldiaurreko norgehiagoka. Atxabalpek, gaur, entrenamendu zelai izateari utzi dio, 90 minutuz ez bada ere, futbol zelai bilakatzeko.