Antzuola-Bergara saihesbideko lanak “erritmo onean” aurrera doazela bertatik bertara ikusteko Antzuolara gerturatu dira Markel Olano diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua. Lanak 2019rako bukatuta egongo direla aurreikusten dute, eta hori gauzatzeko 100 lagunetik gora ari dira lanean, 5,3 kilometroetako hainbat puntutan.
Olanok, lanen erritmo ona azpimarratzeaz gain, obrak duen garrantzia aipatu du, Antzuola eta Bergara konektatzeaz gain, Goierri, Debagoiena eta Urola Garaia eskualdeak lotuko dituelako, eta Gipuzkoarendako "pauso garrantzitsua" izango delako. “Errepide honek nabari eragingo die lurraldearen ekonomiari eta lehiakortasunari, Urola Garaia, Goierri eta Debagoiena eskualdeak lotuko dituelako, eta ezaguna da zer-nolako garrantzia duten hiru eskualde horietako industriak, enpresek eta unibertsitateek", adierazi du diputatu nagusiak.
Lau hilabete igaro dira lanak hasi zituztenetik eta obra osoaren eta aurrekontuaren %16a gauzatu da dagoeneko. Gainera, Deskargako lanetan hamaika toki ezberdinetan ari da lanean UTE Uzarraga enpresa eraikitzailea, eta beste bitan amaitu diru dagoeneko aurreikusita zeuden lanak. Aintzane Oiarbide diputatuak obraren gaineko hainbat datu azpimarratu ditu: "Batez ere joste lana egin da orain arte. Terrenoa osatzen duten geruzak josten ari dira, piloteen eta buloien bidez. Jarritako piloteen eta egituren artean milioi bat kilo altzairu jarri dira eta 5.300 metro kubo erabili dira".