Fagor CNAko langile guztiak EREan

Ubane Madera 2017ko uzt. 17a, 11:35

Fagor CNAko langileak, batzordeko presidente Rikardo Perezi entzuten.

Bulegoetako eta sare komertzialeko langileei ere lan harremanak eteteko enplegu erregulazioa (EREa) aplikatzeko aukera gura du CNA taldeko zuzendaritzak. Batzar ofiziala izan dute Langile Batzordeko ordezkariekin goizean, ERE hori noiz eta zela aplikatuko duten zehaztu barik. Gauzak horrela, Fagor CNA taldeko 350 langileek izango dute Enplegua Erregulatzeko Espedientea indarrean, horietatik 30, gainera, kalera bota gura dituzte.

Hain justu, 30 kaleratze horien gaineko batzarra ziren egitekoak gaur CNA Taldeko zuzendaritzako ordezkariek Langile Batzordeko ordezkariekin, baina atzeratu, eta bihar egingo dute; "baina beste bilera bat izan dugu bulegoetarako suspentsioko EREa gaudelako negoziatzen", jakinarazi du Rikardo Perezek, Langile Batzordeko ordezkariak. "ERE hau onartzen denean talde osoa izango da EREan": 350 langile, beraz.

Kaleratzeak

10:00etan bukatu da bilera hori. Ordubete horretan, fabrikaren sarreran elkarretaratzea egin dute gainontzeko langileek. Eta bihar, esandako moduan, beste batzar bat izango dute; biharkoa 30 langileren kontratu etetearen gainekoa. Kasu horretan, negoziatzeko zirrikitu txikia utziko diete langileen ordezkariek zuzendaritzakoei: "Gure helburua da hori kentzea", dio Perezek. 15 egun dute negoziatzeko.  

Eguaztenerako egin dute, berriz, hurrengo hitzordua langileek, 18:30ean Arrasateko Herriko Plazan; kasu horretan, elkarretaratzea egiteko.

Ia dena geldi

Bien bitartean, Fagor CNA-ko "produkzioa dena dago geldi, Eskoriatzako lapikoena eta Geyserreko langile batzuena izan ezik"; azken horiek uztailaren 19ra arte -oraingo asteko eguaztena- daude lanean, besterik ezean. Baina, "ana egon badago", azpimarratu du langileen ordezkariak.

Gauzak horrela, guztiek segitzen dute bideragarritasun planaren zain. "Jaurlaritzarekin harremana izan dugu eta esan digutena da eurak ere zain daudela bideragarritasun plan hori zelakoa den ikusteko", jakinarazi du Perezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak