Gaur eguerdian txiki gelditu da Bergarako udaletxeko areto nagusia Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Andres Egañari eta Inazio Ernabideri eskainitako omenaldirako. Loiola Batailoiako gudari izandakoak dira bi bergararrak eta ondo gogoan dituzte bizi izandako urte latzak. Umorez eta gorrotorik gabe kontatzen dituzte, gainera, orduko kontuak.
"Liburu bat idazteko besteko istorioak ditugu guk kontatzeko", esan du ekitaldia amaitutakoan Inazio Ernabidek. "Gorriak tokatu zitzaizkigun, baina hura bukatu zen eta lasai bizi gara orain", gaineratu du Egañak.
Aretoa beteta
Herritar ugari elkartu da gaurko aitortza ekitaldian. Nola ez Egañaren eta Ernabideren senitarteko eta lagun asko, baina baita Loiola Batailoian borrokatutako bergarar askoren senitartekoak ere. Azken batean, 36ko gerran borrokan egindako bergarar guztien luzatutako aitortza izan da. Memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten taldeetako ordezkariak ere asko izan dira.
Ordezkaritza instituzionala ere aipatzekoa izan da. Hitza hartu dute ekitaldian Elena Lete alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Maribel Vaquerok, eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garaik. Ikusleen artean zeuden, besteak beste, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi eta Donostiako zinegotzi Miren Azkarate.
Omenaldia eta aldarrikapena
Ekitaldian aurreskua, Egañaren eta Ernabideren testigantzak jasotzen dituen bideo bat eta hitzaldiak izan dira. Opariak ere jaso dituzte omenduek. Esanguratsuena, Loiola Batailoiko bandera bana. Alai taldearen kantuekin amaitu da ekitaldia. Omenduek, jarraian, besarkada eta agur ugari jaso dituzte.
Bergarako bi gudariei aitortza egitearekin batera ekitaldian memoria historikoa berreskuratzeko premia azpimarratu dute. "Lekukotasunak jasotzeko bulegoak zabaltzeko eta Argentinako kereilan parte hartzeko eskatzen diegu instituzioei", adierazi du Intxorta 1937 Kultur Taldeko Juan Ramon Garaik.