Lankidetzako esparru-hitzarmen hori gaur goizean sinatu dute Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Vicente Atxak, eta Eroskiko presidenteak, Agustin Markaidek. Bertan, Eroski eta Mondragon Unibertsitateak talentua unibertsitatetik enpresetara transferitzeko planari helduko diote hainbat gai desberdinetan. Esaterako, berrikuntza-proiektuen kudeaketa, design thinking metodologiak eta berrikuntza irekiko plataformak bezalako gaiei helduko diote plan horretan.
“Aliantza natural bat da izaera kooperatiboa duten bi erakunderen artean, eta elkarlanean aritzeko esparru berria finkatu du lehiakortasun abantailak eratu daitezen, bi erakundeetako pertsonei gaitasunak ematea eta garapen integrala izatea oinarri hartuta”, nabarmendu du Eroskiko presidenteak, Agustin Markaidek. Vicente Atxak berriz, “enpresek behar dituzten profil profesionalak eraldaketa-prozesu bete-betean” daudela adierazi du, sektore guztietan gertatzen ari den azelerazio teknologikoaren ondorioz.
Izan ere, bezero bazkideen parte hartzea hobetzeko bide berriak diseinatzea eta Zurekin belaunaldi berriko dendetan ematen den arreta hobetzea izango dira elkarlanaren lehen helburuak. Honetaz gain, merkataritza elektronikoa, lotutako produktuak gomendatzeko eta iradokitzeko sistemak, fruta eta barazkien atalean eta dendetako ordainlekuetan ere izango dira berrikuntza proiektuak hurrengo hilabeteetan. Gainera, zuzendari berriei prestakuntza emateko Summa proiektuaren bazkide bihurtu da Mondragon Unibertsitatea ere