Hamaika hilabeterako ura du Urkulu urtegiak

Ubane Madera 2017ko uzt. 13a, 16:15

Aurreko urteetako sasoi bereko ur mailarekin konparatuta, alerta egoeran dago Urkulu, larrialdi egoera markatzen duen indizera iristeko puntuan; are gehiago, larrialdi egoeran ere egon da duela astebete; hala ere, 11 hilabeterako ura badu oraindik.

Azken lau urteotako ur mailarik baxuena markatu du Urkulu urtegiak, gaurko, betetze mailari dagokion datua esku artean: %71,75.

Gipuzkoak dituen zazpi urtegietatik hirugarren baxuena da Urkulu une honetan. Indize edo adierazle horren arabera, alerta egoeran dago Debagoieneko urtegia une honetan, larrialdi egoerara sartzeko puntuan. "Noiz gauden maila normalean, noiz alertan, noiz larrialdian… adierazle hori kalkulatzen da urtegiak data horietan historikoki eduki izan duen ur mailaren arabera (…) Aurten, zehazki, historikoki izan dugun batez beste horrekiko baxu gaude, eta une honetan alerta mailan gaude, eta indize hori 0,16an dago; 0,15ean sartuko litzateke larrialdi mailan egotera", esplikatu du Imanol Zabaletak, Gipuzkoako Ur Kontsorzioko Debagoieneko antolaketaburuak.   

Maiatz sikua

"Urte sasoi honetarako, normalean, gorago egoten da. Urte lehorra daramagu, 2016ko maiatzetik euri gutxi egin du, orokorrean, eta horrek ekartzen duena da urtegiak ere behera egitea", gehitu du Zabaletak. Irakurketa hori zenbakiekin begiratuta, eta, hain zuzen ere, prezipitazioei dagozkien Euskalmeten maiatzeko datuetan oinarrituta –argitaratutako azkenak–, bederatzi urteotako lehorrena izan da hilabete hori.

Ia urtebeterako ura

"Baina urtegian hamaika hilabeterako ura badago", zehaztu du Ur Kontsorzioko ordezkariak, lasaitasunerako mezu errealista helarazita.

Are gehiago, haren esanetan, "duela astebete larrialdi mailan geunden; urtegiaren ur maila oraingoaren nahiko antzekoa zen, baina azken euriteek pixka bat igoarazi dute eta larrialdi maila horretatik irten gara eta alerta mailara pasatu gara".

Neurririk hartu behar ez

Era berean, Zabaletak adierazi du jakinda zenbat denborarako ura dagoen urtegian, "adierazleak esaten duenean alertan edo larrialdi mailan zaudela, egiten duzuna da dituzun baliabide horiek ahal den egoera onenean daudela ziurtatu, eta jarraipen zehatzago edo zuzenago bat egin, baina ez dago aurreikusita momentu honetan inongo erabaki drastikorik hartu beharko litzatekeenik uraren kontsumoarekiko".

Kontuak kontu, izan liteke deigarria urtegiak erakusten duen paisaia ezohikoa, ur-bazter zabalagoak bistan dituelako. Eta edozein kasutan, alerta-larrialdi egoerak alde batera utzita, ura beti da zaindu beharreko altxorra.

Uraren maila

Urtea        %

BETETZE MAILA
2017        %71,87
2016        %83,46
2015        %89,31
2014        %86,08
2013        %96,65

PREZIPITAZIOA MAIATZEAN

2017        %52,5
2016        %59,7
2015        %100,7
2014        %102,9
2013        %163,4

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak