"Azken urteotan Emakumezkoen eskuzko pilota gorakada izugarria bizitzen ari da. Esku pilotan aritzen den nesken kopurua asko ari da handitzen eta geroago eta txapelketa gehiago antolatzen dituzte eurendako", adierazi dute Arrasate Pilota Taldetik. Eta, joera positibo horren aurrean eurek ere aurrerapausoa ematea erabaki dute: "Uste dugu esku pilota ez dela gizonezkoen kirola soilik, eta kirol honetan emakumeek ere zeresan handia dutela. Hori horrela, irailean hasiko den denboraldira begira Arrasate Pilota Taldean eskuz aritzeko prest dauden nesken talde bat sortzea gustatuko litzaiguke".
Taldea sortzea, lehen pausoa
Pilota taldeko lagunen asmoa da, lehenengo, taldea sortzea: "Eta poliki-poliki joan daitezela kirol hau ezagutzen. Adinak ez du garrantzirik, edozein adineko neska edo emakumek eman dezake izena eta astean ordubeteko saio bat edo bi egingo genituzke. Beti ere pilota bigunarekin. Eta, ez dugu gutxieneko pilota mailarik eskatzen, etor daitezela guregana, beste barik".
Entrenamenduak irailean hasiko lituzkete, baina posible den neurrian komeni zaie interesatuen zerrenda uztailean bertan egitea, iraileko ordutegiak zehazten joateko. Hala, pilota gertutik probatu gura duenak idatz dezala e-posta arrasate.pilota@gmail.com helbidera, eta ondoren klubetik jarriko dira harremanetan: "Dagoeneko guraso batzuen mezuak jaso ditugu, ea taldetxoa sortzeko kapaz garen".
Emakumeen pilotak, gora
Aste gutxi pasa dira Euskal Herri mailan antolatutako Emakume Master Cup txapelketa jokatu dutenetik. Txapelketak sekulako arrakasta izan du –nazioartetik etorri dira pilotariak– eta Zornotzan jokatutako finaletan jendetza batu zen harmailetan. Emakumezkoen pilotaren gaineko gorakada horri jarraipena emateko hasi ziren jokatzen Añorgan, maiatzean, Binakako Emakumezkoen Pilota Txapelketa, eta domekan izango dira finalak. Emakumezkoen pilota poliki-poliki gorakada doala erakusteko bi adibide dira.