Zirkuitu berriarekin dator Aramaioko Opena

Xabier Urtzelai 2017ko uzt. 13a, 19:00

Azken urteotan Barajuengo auzoan egin dute Euskadiko Txapelketarako baliagarria den lasterketa, baina domekan Ibarran izango da irteera eta helmuga (11:00). Aramaioko bost txirrindulari izango dira irteera puntuan.

Zirkuitu berriarekin dator Aramaioko mendi bizikleta lasterketaren 10. edizioa –Euskadiko Openeko hamargarren proba da–. Eta, Barajuenen beharrean Ibarran, kalean bertan, hasiko dute proba: "Hainbat lagunen artean adostutako erabakia izan da, azken urteotan Barajuengo lurretan egin du proba, eta aurten kalera jaistea erabaki dugu. Hainbat arrazoi egon dira horretarako. Batetik, orain arte zirkuitua egon den tokian pinuak ateratzen ibili dira, eta ostera ere zirkuitua txukuntzeko lan handia egin behar genuen. Egia esan, zirkuitu berria egiteko egin beharreko lana ere ez da txikia izan, baina Ibarran azpiegitura gehiago ditugu: "Ziklistendako aldagelak eta dutxak, automobilak aparkatzeko leku gehiago...", adierazi du antolaketa taldeko kide Martin Arriolabengoak. 

Zirkuitu berriaren gaineko xehetasunak ere eman ditu: "Bost kilometro eta erdi dituen zirkuitua da, eta denetik du, nahiko osoa da. Ziklistek proba hasi eta aldapa gora egin beharko dute, nahiko igoera gogorra da, gainera. Lehenengo kilometro eta erdian 400 metroko desnibela gaindituko dute, eta ondoren beherantz egingo dute. Hor tarte teknikoak eta jaitsiera azkarrak tartekatuko dituzte; egia esan, gustura geratu gara zirkuitu berriarekin", dio Arriolabengoak. "Baina, antza jaitsieran nahikoa zaila da jendea aurerratzera, bidetxur asko dagoelako; horrenbestez, aldapa gora egin beharko dira diferentziak".

Ander Bengoa, aurrealdean 

Lasterketa etxean izanda, elite mailako sailkapen orokorrean aurrealdean dabilen Ander Bengoak pauso bat eman gurako du aurrera, zaleen animuek lagunduta. Ez da izango, baina, irteera puntuan izango den aramaioar bakarra: Mikel Berasaluze (Master 30), Iker Beitia (Master 30), Julen Olaizola (Kadete) eta Julen Arriolabengoa (Kadete) ere lasterketan izango dira, eta eurekin batera ibarreko beste hainbat ziklista ere bai.

Bi minutuko tartearekin 

Proba 11:00etan hasiko dute elite eta 23 urtez azpikoek, eta bi minutuko tartearekin joango dira abiatzen gainontzeko kategorietako ziklistak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak