Mintzatu proiektuaren bitartez euskaraz hitz egiten den munduko leku guztiak elkarlanaren bitartez identifikatzea nahi da. Mugikorrerako aplikazio baten oinarritzen da horretarako eta aplikazioan euskaraz mintzatzen den lekuak bilatu, berriak etiketatu eta euskaraz hitz egiteko lagun berriak bilatu daitezke. Mintzaturen webgunetik ere erabili daiteke.
Proiektu hau sustatzeko lehiaketa bat martxan jarri du Azkue Fundazioak, 11 lekutan Mintzatu! izenekoa. Lehiaketa honek hainbat helburu ditu, besteak beste, euskarak sarean duen presentzia areagotzea, Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatzea, euskaraz hitz egiten diren leku berri gehiago etiketatzea eta toki horiei buruzko informazioaren zabalkundea egitea.
Izan ere, helburu hauek lortzeko, lehiaketak hiru irabazle desberdin izango ditu. Alde batetik, Mintzatu aplikazioan leku berri gehien sartzen dituena, bestetik, bere burua leku ezberdin kopuru handienean etiketatzen duena, eta azkenik, hamaika leku berri azkarren etiketatzen dituena. Hala ere, saria hirurentzat berdina izango da: mugikorrarekin argazkiak atera eta bideoak egiteko, besteak beste, tripode batez, objektiboz eta euste piezaz osatutako produktu sorta bat.
Parte hartzaileek 11 aste izango dituzte lehiaketaren helburuak betetzeko, uztailaren 10etik hasita irailaren 24a arte, eta mundu osoko lekuak etiketatu ahalko dira. Parte hartzaile bakoitzak erabakiko du noiz parte hartu, 11 aste horietan edozein unetan parte hartu baitaiteke, eta nahi beste leku identifikatu eta etiketatzeko aukera izango du. Lehiaketaren oinarriak Azkue fundazioaren webgunean irakurri daitezke.