Moda ikasketak egin zituen Unai Telleriak (Elgeta, 1971), Bartzelonan, eta, ordutik hona, munduan zehar hainbat proiektutan ibili da; betiere, diseinuarekin lotutakoak. Hiru urte eman zituen ikasten, Insitut Catalan de la Moda zentroan. Ondoren, Bartzelonan bertan egon zen lanean hamar urtez. Gaur egun, duela sei urtez geroztik bizitoki Londres duen arren, munduko toki batetik bestera bidaiatzen du, suertatzen zaion eskaintza eta proiektuen arabera. Nike, Audi, BMW eta beste hainbat marka ezagunendako lan egin du eta Kanarietako Inauterietako erreferente nagusietako bat ere bada; izan ere, berak diseinatutako arropak janzten dituzte Erreginaren Gala eta Drag Queenaren Galan parte hartzen duten dantzariek eta abeslariek.
Nolatan bukatzen du elgetar batek Londresen bizi izaten? Zerk eraman zintuen hara?
Modan eta antzerkian diseinatzaile den edozeinentzat, Londres munduko erdigunea da; esango nuke lan gehien han dagoela. Horregatik bizi naiz Londres, lan kontuak direla eta. Bartzelonan bizi nintzen garaietan, marka desberdinendako diseinuak egin nituen, publizitate asko landu nuen eta estilismo moduak ere jorratu nituen, eta ondoren, Londresera joan nintzen.
Espero zenuen gaur egun zauden lekura iristea?
Ondo lan eginez gero, ahal eta nahi duzun lekura iritsi zaitezkeela uste dut. Elgetarra izanik, hemen gertu, Euskal Herrian, zail ikusten nuen diseinuarekin lotutako zerbait aurkitzea. Horregatik, Bartzelonara joatea erabaki nuen eta gaur egun Londresen bizi naiz. Munduan zehar asko mugitzen naiz, edozein proiektu irten dakidakeelako edozein momentutan: Thailandian, Alemanian edota Ameriketako Estatu Batuetan, besteak beste. Tokatzen denean, joan eta lan egin, hori da arrakastaren sekretua. Alde horretatik, niretako, ez dago mugarik, momentuan suertatzen zaidan proiektuaren arabera mugitzen naiz batera edo bestera.
Beraz, bizitokia Londres izan arren, asko mugitzen zara. Bidaiatzea eskatzen du lanbide honek?
Ez dago zertan bidaiatu. Esate baterako, Zara markarendako diseinatzen duen diseinatzaile bat Galizian bertan bizi daiteke, mugitu gabe. Baina ez da nire kasua. Izan ere, nik freelance moduan egiten dut lan eta bezeroak munduko leku guztietan ditut. Bestalde, produzitu ere egiten dut, eta horrek bai eskatzen du gehiago bidaiatzea. Orain, adibidez, Nigeriako Noobor markarendako proiektu bat daukat esku artean, urrirako, Africa Fashion Week Nigeria moda jaialdirako. Angolako enpresa baten bitartez jarri nintzen Noobor-ekin kontaktuan, eta orain, 28 pieza inguruko bilduma bat egiten ari naiz enpresa honendako. Bilduma honen produkzioa Perun egingo dugu, bertako kotoia oso ona delako. Bestalde, Kanarietan antzerkirako diseinu bat egiten ari naiz eta Londresen bertan ere badut beste proiektu bat.
Antzerkia ere lantzen duzu, beraz.
Bai; asko, gainera. Orain, Don Juan ikuskizunerako diseinatu behar dut; klasiko hutsa da. Londresen eta Madrilen ere, Shakespeare ezagunaren obra baterako lan egin izan dut. Azkeneko hamar urteetan askoz gehiago landu dut antzerkia moda baino, baina, gaur egun, gehiago dihardut modan. Bi arloak txandakatuz joaten naiz, normalean.
Esan daiteke modan eta antzerkian zentratzen dela, gehienbat, zure diseinatzaile lana?
Bai. Zinema ere egin nuen Bartzelonan, baina zinema ez zait gustatzen, aspergarria iruditzen zait. Zineman aritzeko, benetan gustatu behar zaizu, ordu asko exijitzen duelako, eta niri, pertsonalki, ez zait gustatzen, nahiago ditut antzerkia eta moda.
Zer egiten duzu, zehazki, bai modan eta bai antzerkian?
Modan, marka desberdinendako diseinuak egiten ditut, eta, askotan, bildumen ekoizpena ere egiten dut, Perun, Indian edo beste edonon, kasuaren arabera. Ekoizpenaren jarraipena egiten dut; gehienbat, aztertu arropak nola dauden eginda eta kalitate onekoak diren edo ez frogatu. Antzerkiari dagokionez, ikuskizun ezberdinetarako figurinak diseinatzen ditut. Antzerkia asko gustatzen zait, nahi dudana egin dezakedalako eta askatasun handiagoa dudalako sortzeko orduan. Modan, berriz, zure bezeroak mugak jartzen dizkizu; ezin duzu edozein zorakeria diseinatu, finean, gero merkatuan saltzeko arropa delako.
Marka ezagunendako ere lan egin izan duzu; batez ere, publizitate arloan.
Orain lan egiten nagoen enpresak nahiko berriak dira, ez dira oso ezagunak eta gaur egun dagoeneko existitzen ez diren beste hainbat enpresarendako ere egin izan dut lan. Baina bai, Nike enpresarentzako diseinu batzuk egin ditut. Publizitate arloari dagokionez, duela zazpi urte inguru, Londresera joan baino lehenago, Bartzelonan iragarki askorendako estilismoak diseinatu nituen; batez ere, auto enpresen iragarkietan –Mercedes, BMW, Audi, Seat...–. Horrez gain, publizitate orokorra ere landu nuen, beste hainbat markarendako. Lehen, ekoizpen handia zegoen Bartzelonan, eta, duela sei bat urte izan zuen beherakadaren ostean, berriro publizitate asko ari dira produzitzen orain.
Nolakoa da zure eta markaren arteko elkarlana?
Normalean, produktoreek kontratatzen naute, eta, ondoren, mota guztietako harremanak izaten ditut. Adibidez, auto enpresekin nahiko konplikatua da. Izan ere, sekretismo handia dago haien artean, koloreak, modeloak eta abar. Nolabaiteko espioitza industriala dago, elkarri asko kopiatzen diote, eta murrizketa asko dituzu alde horretatik.
Sormen handia eskatzen duen lana da zurea. Hala uste duzu?
Bai. Ez da mahaian jarri eta marraztu. Garbi izan behar duzu ideia, kontzeptua, nora heldu nahi duzun, ze merkatutarako den... Marka bakoitzak bere bezeroak eta lan egiteko moduak ditu eta guk horietara moldatu behar izaten dugu. Batekin, agian, esperimentatzea tokatzen zaizu gehiago eta beste bat klasikoagoa da.
Ze erreferentzia hartzen duzu diseinatzeko orduan? Zerk inspiratzen zaitu?
Inspiratzerako garaian, asko gustatzen zaizkit Afrikako tribuak eta Afrika, oro har. Oso oinarrizko gauzak daude, guztiz naturalak direnak eta oso baliozkoak direnak. Euskal Herria ere aberatsa da, alde horretatik; baserriak, zuhaitzak, harriak, koloreak, eta abar. Ni, azken batean, Elgetatik nator, baserritik. Hogei urtez bizi izan naiz baserri batean, eta erreferentzia horiek ez dira inoiz galtzen. Badirudi ergelkeria dela hau esatea, baina hala da eta niri asko laguntzen dit horrek, barruan daramadan zerbait da.
Kulturak badu harremanik, beraz, inspiratzeko eta erreferentziak edukitzeko orduan?
Nik uste dut baietz. Adibidez, Latinoamerikan baditut lagun diseinatzaile batzuk eta haiek kolore ezberdinak erabiltzen dituzte gurekin alderatuz. Guk urdina eta berdea gehiago erabiltzen ditugu eta haiek, berriz, horia eta gorria. Beste tendentzia batzuk dituzte, eta hori kulturaren eragina dela esango nuke.
Moda arloan, zein herrialde da mundu mailako erreferente nagusia, gaur egun?
Inspirazio guztia, oraintxe bertan, Asiatik datorrela esango nuke, Koreatik, Txinatik eta, batez ere, Japoniatik. Gogoratzen dut iaz jende guztia arrosa kolorez janzten zela Japonian, eta aurten arrosa dator Europara. Alde horretatik, erreferente nagusia Japonia da, kaleko estiloa eta janzteko moduak handik datoz. Izan ere, oso bereziak dira eta moda asko zaintzea gustatzen zaie, diru asko inbertitzen dute modan. Munduko hiriburuetako denda garestienetan arropa erosten daudenen ehuneko handi bat japoniarrak dira, eta hori datu esanguratsua da.
Zure marka propioa ere badaukazu, pixkanaka lantzen ari zarena. Zer moduz doa?
Bai, nire marka txiki bat ere badaukat, eta, diseinatzeaz gain, ekoitzi eta saldu egiten dut. Gizonen arropa marka bat da, Unai Telleria izenekoa, eta on line saltzen dut. Hogei jantziko bilduma txiki bat da eta horrekin nire lan propioa, nire bidea egiten saiatzen ari naiz; izan ere, apur bat nekatuta nago besteentzako lan egiteaz. Pasatzen dena da askoz errazagoa dela bezero batentzako lan egitea. Zure proiektuarekin ari zarenean, buruko minak handiagoak dira; ez da diseinatzea bakarrik, beste mila gauza izan behar dituzu kontuan.
Kanaria Handiko Las Palmas hiriko Inauteriak urteroko hitzordua dira zuretzat. Dagoeneko erreferentea zara han.
Hango zuzendariarekin harreman handia daukat, Inauteriez gain, beste hainbat proiektu egin ditugulako elkarrekin. Beraz, zuk esan bezala, urteroko hitzordua da. Proiektu handia da, lan handia eskatzen duena. Bi edo hiru hilabeteko lana izaten da, 150 pertsona ingururen jantziak diseinatu eta egin behar izaten ditugulako. Baina oso gustura egiten dudan lana da, esperientzia izugarria. Azken urteetako neguak eguzkitan pasatu ditut, ez dut negu gogorrik izan azkeneko hamar urteetan, eta hori, Londresen bizi izanda, loteria tokatzea bezala da. Gainera, konexio berezia daukat kanariarrekin, eta etxean bezala sentitzen naiz hara joaten naizen bakoitzean.
Urtetik urtera asko aldatzen da han egin behar izaten duzun lana?
Bai. Urtero gai ezberdin bat izaten da eta horren araberako diseinuak egin behar izaten ditugu, gai horretara moldatutako diseinuak eta erreferentziak, alegia. 2018ko gaia oraindik ez dakigu zein den.
Gaur egun, sare sozialek indar handia dute mundu osoan. Webgune bat ere baduzu. Ze erabilera ematen diezu, bai batari, zein besteari?
Bai, noski, erabiltzen ditut. Gaur egun, nire ustez, Instagram da mugimendu handien duen sare soziala, moda eta diseinuari dagokionez. Besteak beste, nik diseinatutako piezak igotzen ditut, eta, horri esker, bezero bat baino gehiago atera zaizkit. Instagrametik oso erraza da, jende askok idazten dizu informazio eske edota zure piezaren bat nahi duela esanez. Beste batzuek aisialdi edo denbora-pasa moduan erabiltzen duten moduan, nik lanerako erabiltzen dut sare sozial hau, eta, alde horretatik, oso erabilgarria da.
Erakusleiho moduan, beraz.
Bai; nire lanak erakusteaz gain, ideiak hartzeko ere erabiltzen ditut sare sozialak. Lehen, aldizkarietan edo magazinetan mugitzen zen guztia, baina orain, modari lotutako oso aldizkari gutxi ikus daitezke. Gaur egun, guztia digitala da, informazio eta material guztia unean bertan eskuratu dezakezu, eta guri ere eguneratuta egotea dagokigu arlo horretan.
Diseinatzaile moduan, arantzarik badaukazu? Hau da, badago betidanik egin nahi izan duzun zerbait, oraindik egin ez duzuna?
Momentuan, ez nuke jakingo galdera horri erantzuten. Seguru, zerbait egongo dela, baina ez dut gauza konkretuetan pentsatzen, nire egunerokoa momentuan momentukoa sortuz eta diseinatuz eramatea gustatzen zait, beste edozein gauzatan pentsatu gabe.