Eibarrek Atxabalpeko kirol instalazioak erabili ahal izateko hitzartuta du urtean lagunarteko partidu bat jokatu behar duela, eta uztailaren 19a (19:00) aukeratu dute horretarako. Hala, talde gonbidatua Bigarren B mailako Barakaldo izango da, eta dagoeneko salgai daude partidu horretarako sarrerak (Ziorla eta Monte tabernan). Prezioei dagokienez, sarrerak aurrez erosita 8 euro balioko du norgehiagoka ikustea –gazteek, 6-16 urte bitartekoek 3 euro–, eta partiduaren egunean Atxabalpeko leihatilan 10 euro ordaindu beharko dira –gazteendako sarrera hor ere 3 eurokoa izango da–.
Aurre-denboraldian murgilduta
Atxabalpeko norgehiagokan aurre-denboraldian murgilduta egongo diren bi talde ikusi ahal izango dituzte zaleek. Eibarrek urte borobila egin du aurten, Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak eskura izan ditu Europako postuak, eta azkenean sailkapenaren erdialdean amaitu dute. Barakaldok, berriz, ez du aparteko larritasunik pasa izan aurten kategoriari eusteko. Bada, baliteke azken asteotan egindako fitxaketak Atxabalpeko berdegunean ikusi ahal izatea.