Aho batez babestu du Mikel Alvarezen izendapena Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak. Bere ibilbide akademikoa eta profesionala medikuntzarekin erlazionatua egon da, Basurtuko ospitalean urte askoan lanean aritu baitzen zuzendari kudeatzaile izatera iritsi arte. Basurtu eta Gurutzetako Ospitalean aritu zen lan honetan, 2009an enpresa pribatura jauzia eman arte. Mondragon Healtheko zuzendari nagusi izan zen 2015 arte eta urte horretan Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko eta Gobernu Onaren zinegotzi izendatu zuten. 2017ko apirilean Mondragon Korporaziora itzuli da eta eta Mondragon Korporazioaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako zuzendari gisa jardun du gaur egunera arte.
Hala ere, bere ibilbide profesionala hertsiki lotua egon da unibertsitateari. Irakasle elkartua izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, Medikuntza Fakultateko Immunologia sailean, eta Medikuntza Fakultateko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko sailean. Horrez gain, irakasle kolaboratzailea izan da Kataluniako Oberta Unibertsitatean (UOC).