Goizeko hamarretan elkartu dira Apotzagan, bertatik denak batera abiatzeko mendiz mendi Aramaio aldera, Uribarri auzorantz, zehazki, hamalau kilometro inguruko ibilbidea egitera. Izan ere, Uribarri auzoan erromeria egin dute gaur, San Kristobal bezperan.
Lagunarteko giroan eta eguraldi eguzkitsuaz disfrutatu dute ibilaldiaz, eta San Kristobalgo ermitara heltzean, indarrak berreskuratzeko mokadutxo bat jan dute bertsolarien saioa entzun bitartean.
Ikasturteari amaiera
Gaurko irteerarekin, oporrak hartuko ditu taldeak, eta irailean jarriko dira atzera ere martxan, Besaideko egunean parte hartuta, Nestor Aranak azaldu duenez.
Makilla eskuen eta ibili basuen taldeak badu filosofia berezi bat, eta horretan oinarritzen dute euren jarduna: "Taldearen filosofia makila eskutik eskura pasatzea da. Makila hartu nahi duenak ibilaldia proposatzen du. Makilak arintasuna irudikatu nahi du; ez du pisutsua edo ardura izan behar. Gertuko inguruneak ikusteko eta ezagutzeko aprobetxatu nahi dugu".
Hala, parte hartu nahi duten guztiak beso zabalik hartuko dituztela adierazi du Aranak: "Herritar oro gonbidatuta dago makila hartu eta duen txoko kuttuna taldearekin partekatzeko".