Hogeigarren Busti zaitez egingo duzue, eta, oraingoan ere, Oñatin eta Arrasaten egongo zarete.
Zubikoa eta Musakola kiroldegietako igerilekuetan egongo gara. Han, igerian egiteko aukera egongo da. Bestalde, Oñatiko Foruen plazan eta Arrasateko Seber Altuben informazio puntuak egongo dira.
Igerilekura doanak zer egin ahal izango du?
Gura beste luze egin ditzake igerilekuan. Ostean, egindako metro kopurua zehazten duen ziurtagiria jasoko du antolatzaileen aldetik. Jardunaldiaren bukaeran, egindako metro guztiak batuko dira.
Ekintza sinbolikoa izango da hori.
Esklerosi anizkoitza duten pertsonei elkartasuna adierazteko keinu bat da. Bereziki, gazteei eragiten die eta ezinbestekoak dira sentsibilizazioa kanpainak.
Informazio puntuetan salmentarako materiala izango duzue.
Urtean zehar egiten dugun kanpainarik garrantzitsuena da. Gipuzkoa osora zabaltzen dugunez, Busti zaitez kanpainak gure materiala zabaltzeko aukera ematen digu. Kamisetak, motxilak... Diru ekarpena egin gura dutenendako itsulapikoak edukiko ditugu.
Urteko kanpainarik inportanteena dela diozu. Zergatik?
Herritarrengana heltzeko balio digulako eta, ekonomikoki, etekin handia lortzen dugulako. 2007an zabaldu zen zentroaren birgaitzea ordaintzen laguntzeko balio digu. Zentro horretan esklerosi anizkoitza eta buruko gaixotasunak tratatzen eta ikertzen dira.
Aurrerapenik igarri al duzue ikerketa atalean?
Bai. Urtero egiten dugun batzarrean esaten dute gure gaitzari aurre egin ahal izateko pausoak ematen dihardutela. Apurka-apurka goaz aurrera, baina, oraindik, bide luzea dugu aurretik.
Gipuzkoan 600 bat gaixo gaude. Esklerosi anizkoitzak beso asko ditu eta horiek guztiak ikertu ahal izateko lan handia egin behar da.
Zein beste ekintza egiten dituzue urtean zehar?
Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Egunean diru bilketa egin genuen Bergaran. Saskibaloi partiduak, fit-bike saioak, maratoia... Edozein ekintza dagoela, han gaude gu.