Australiako Pilbara eskualdeko basamortuan ohikoa da 45 gradutik gorako tenperatura egotea. Zonaldea ezaguna da jarraian160 egun baino gehiagoan 38 graduko tenperatura gainditzen delako. Bertan du BHP Billiton enpresak mineral erauzketa leku bat eta mineral hauek portuetako terminaletara garraiatzen diharduten trenak konpontzeko diseinatu du Danobat euskal enpresak tailer digital erabat automatiko bat. Programatzeko eta mantentze lanak eta ikuskapenak egiteko baino ez du behar gizakien esku-hartzea eta martxan dago jada.
Gaur goizean aurkeztu dute makina-erreminten eta ekoizpen sistemen fabrikatzailearen egoitzan egin den ekitaldi batean, Xabier Alzagak, DANOBATeko zuzendari gerenteak, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak. Alzagaren hitzetan, “bagoiak konpontzeko instalaziorik aurreratuena da munduan, eta, kontrol sistema adimendunekin egin dugun lehen tren proiektua izan ez bada ere, fabrikazio digitalaren paradigma berrirako behin betiko trantsizioa izan da guretzat”.
Tailerrak hainbat lan eskatu ditu aurretik, hala nola ingeniaritza lanak garatzea, mekanizazio prozesua aztertzea, ekoizpen fluxuak analizatzea, instalazioen baldintzak definitzea, ekipoen ezaugarri teknikoak zehaztea eta sistema guztiak integratzea. Gainera, instalazioaren kokapenak segurtasun protokolo zorrotzak betetzea eskatu du, izan ere, leku bakartuan, basamortukoan eta muturreko baldintzetan kokatu da. Baldintza horiei, gainera, BHP Billitonek dituen kalitate eta segurtasun arau zorrotzak gehitu zaizkie.
Honetaz gain, beharrezkoa izan da prozesuen eta ekoizpenaren simulaziorako programa aurreratuak erabiltzea, mekanizazio eta ikuskapen eragiketak dimentsionatzeko eta optimizatzeko eta horrela tailerrean lanean ari diren ekipamenduen automatizazioa eraginkorra izan dadin. Bestalde, makina guztien 3D simulazio errealista bat egin da, baita ekoizpen fluxuaren premiena, giza baliabideen erabilerarena eta logistikaren kontrolarena ere, funtzionamendua optimizatu ahal izateko.