'Puntua': Alkohola da euren etsaia

Goiena 2017ko uzt. 4a, 12:49

Arrasateko Alkoholiko Anonimoen egoitzan, batzarra hasteko gertu.

Alkoholiko Anonimoak elkarteak 82 urte bete ditu ekainean. Astero egiten dituzten batzarretara joatea eta esperientziak trukatzea da alkoholikoek elkartzean aurkitzen duten indarra. Debagoienean, lau talde batzen dira, gaur egun. Barikuan kaleratutako Puntua-k erreportaje nagusia eskaini zion gaiari.

Alkoholikoek euren esperientziak elkarbanatzen dituzte Alkoholiko Anonimoen batzarretan. Aurten, ekainean, 82 urte bete ditu elkarteak, eta programak hasieran izan zuen egitura bera jarraitzen du. Izan ere, berreskuratzen ari diren alkoholikoen ereduak eta laguntzak heldu berriei alkohola uzteko ahaleginean laguntzen die, programaren arabera. Gakoetako bat ez da epe luzeko helburuak jartzea, baizik eta horiek epe motzekoekin ordezkatzea; 24 orduko helburuak, esate baterako. 

AAetako programak “alkoholikoari bere pentsamendu nahasiak eta bere sentimenduetako karga negatiboa ezabatzea ere badu helburu”. Horretarako, kideak erregulartasunez joaten dira batzarretara, beste kide batzuekin kontaktuan egoteko, eta berreskuratzeko programa euren bizitzetan hobeto aplikatzeko.

Gipuzkoako 25 herritan 38 daude talde daude eratuta. Debagoienari dagokionez, Arrasaten, martitzenetan izaten dira batzar itxiak, Arrasate pasealekuko 3. zenbakian, 20:00etan. Bergaran, kultur etxean elkartzen dira eta batzar itxiak astelehenetan 20:00etan izaten dira. Eskoriatzan, Aranburuzabala 5 helbidean, asteazkenetan eta barikuetan, 20:00etan egiten dituzte batzar itxiak, eta gainera, batzar irekiak hileko azken barikuetan 20:00etan egiten dituzte. Oñatin, La Milagrosa eskolan, Santa Marina plazan, batzar itxiak ostegunetan 20:00etan izaten dira. Horietako batera joan nahi izanez gero, kontaktua 629 14 18 74 zenbakia da.

Batzar horietara jaoten diren hiru debagoiendarrek elkarteak nola lagundu dien kontatzen dute. Izenak aldatuta daude, Alkoholiko Anonimoen elkartearen lehenengo printzipioa horixe delako eta hori errespetatu egin nahi izan duelako ere Puntua-k. 

Esther, Alkoholiko Anonimoetako kidea: "Behea jo ostean, urtebete daramat alkoholik edan gabe”

Estherrek urtebete inguru darama Alkoholiko Anonimoetako batzarretara joaten, eta ederki gogoratzen du bere lehen eguna: “Ni bakarrik etorri nintzen. Lurra jo behar izan nuen etortzeko, eta jo nuen. Bat-batean konturatu nintzen eta horrela ezin nuela jarraitu esan nion nire buruari. Nire bizitza hankaz gora zegoen eta egunero ez nuela edango agintzen nion familiari, baita neure buruari ere. Gero, egunero bukatzen nuen mozkortuta. Lehenengo batzarrera ordubete berandu heldu nintzen, erdi mozkortuta. Atetik sartu nintzenean, gaur egun baino hamar kilo gehiago nituen, eta puztuta nengoen; oso gaizki. Hori duela urtebete izan zen, eta gaur egun, urtebete daramat alkoholik edan gabe. Bailarako talde ezberdinetan egon naiz, eta hamabi pausoekin apurka nabil, pausoak ondo landu behar direlako”.

Alkohola uztea pauso bat besterik ez da Estherrendako. Haren helburua psikologikoki berriro garatzea ere bada:“Ez da bakarrik ez edatea, baizik eta edana ez egotera, puntu horretara, heltzea. Eta hori aldaketa mental bat ere bada. Urte askoan zapi batekin egon bazara begietan, ezin izan duzu psikologikoki eboluzionatu. Edaten hasi zareneko adinean gelditzen zara, eta begiak ixten dituzu. Begiak irekitzen dituzunean, psikologikoki berriro garatu behar duzula konturatzen zara. Ni, orain, apurka, berreskuratzen ari naiz, eta, pixkanaka, edana ez egotea lortuko dut”.

Urduritasunak eta zalantzak

“Lehenengo batzarrera, atetik kaka dariola sartzen zara, urduri, eta, askotan, edanda; eta egun horretan, gainera, eguneko hitzaldia eskaintzen dizun talde bat aurkitzen duzu. Euren esperientziak kontatzen dizkizute eta hor jendearengan islatuta ikusten duzu zure burua. Kide batzuk bakarrik etortzen dira, euren borondatez, eta beste batzuk senideekin edo lagunekin batera. Hemen uzten dituzte, eta gero, euren bila itzultzen dira batzarra bukatzean. Azkenean, hona etortzeko baldintza bakarra alkohola uzteko nahia da. Nola egiten dugu? Batzarretara etortzen, batzuen eta besteen esperientziak entzuten eta aurrera egiten. Horrek laguntzen digu mozkortu barik mantentzen”, azaldu du Estherrek.

“Urduritasunak eta zalantzak izugarriak dira guretako, besteak beste, alkoholak hutsune mental asko uzten dizkigulako. Horregatik, berriz ere, bizitzen ikasi behar dugu, eta hori oso zaila da, benetan”, nabarmendu du Estherrek.

“Garrantzitsua da jendeak jakin dezan edozein taldetara batzeko edo joateko aukera dagoela. Nahiz eta Arrasatekoa edo Bergarakoa izan, Eskoriatzara edo Oñatira joan zaitezke; agian, zuretako, erosoagoa izango delako. Edozein lekutan ondo hartuak izango garela badakigu. Nik esperientzia hori bizi izan dut, gainera, mugitu behar hori, eta egon naizen toki eta batzar guztietan besoak zabalik hartzen zaituztela ziurtatu dezaket”, dio Estherrek.

Ander, Alkoholiko anonimoetako kidea: “Ateak denondako daude irekita, eta hemen ez dute ezezkorik jasoko”

Dagoeneko urteak daramatza alkoholik edan gabe Anderrek, nahiz eta argi duen jausteko arriskua beti gertu izango duela: “Ni ez ninduten etxetik bota, eta, oraindik ere, ez dakit nola ez zuten egin… Ospitaleratze bat egiteko proposamena egin zidaten, onartu egin nuen, eta eskerrak onartu nuen... Hala ere, taldearen laguntza ere banuela esan behar dut. Baina, kasu batzuetan, gertatu izan da batzarretik irteteko desiratzen zaudela alkohola kontsumitzeko edo ikusten duzun lehenengo tabernan sartzeko. Alkohola uzten duzunean, apurka-apurka, berreskuratzen hasten zara. Zaila da, eta berriro jausteko arriskua beti hor dugu. Horregatik, adi egon behar dugu, arretarekin une oro. Nire kasuan, ospitaleratzeari esker, eta taldeko batzarretara etortzeari esker bide zuzena, egokia, hartu dudala uste dut, eta bizitzan egin dudan gauzarik onenetarikoa izan da, zalantza barik. Hori bai, askoz lehenago ez egin izanaz damutzen naiz”.

Alkoholiko Anonimoen batzarrak eta taldeak “denendako” irekita daudela gogorarazi nahi du Anderrek: “Gaur egun, zoriontsu nago. Urte batzuk daramatzat edan barik , ondo nago fisikoki, askoz hobeto, eta, niretako, oso garrantzitsu bilakatu da taldea. Arazo hau duten guztiak etortzera animatzen ditut. Ateak irekita daude, denondako, eta bertan ez dute ezezkorik jasoko”.

Alkoholismoa, gaixotasuna

“Alkoholismoa gaixotasuna da, progresiboa eta mortala. Psikiatrikoa edo hilerria dira helmuga bakarrak, edo hori diote, behintzat. Eta garrantzitsua da, baita ere, alkoholaren monoa. Oso gogorra da, eta, edateari utzi aurretik, aurrena, medikuarenera eta psikiatra batengana joatea oso garrantzitsua da. Badago komunitatera hurbiltzen den jendea, ez datorrena hain gaizki, eta, agian, horiek ez dute mediku edo psikiatra baten beharrik, baina beste batzuek behar hori izaten dute, eta monoa gainditzeko adituengana joatea ere oso garrantzitsua da. Horrela, medikazioaren laguntzarekin eta taldearen indarrarekin aurrera egin daiteke”, dio Anderrek.

“Gure burua batzarren bidez hustu behar dugu, bertan dugun zabor guztia garbitzeko edo azaleratzeko. Taldea adrenalina kolpe garrantzitsua da alkohola alde batera uzteko. Eta elkar babesten gara. Zure kideengan konfiantza jarri behar duzu, gero, asko jasoko duzu eta. Taldean ate guztiak irekita izango dituzula badakizu. Askok dioten moduan, nork bere familia du, tokatzen zaiona, eta gero, Alkoholiko Anonimoen familia dugu. Horrela sentitzen gara gu. Garrantzitsuena nahia da. Norbera, berriz ere, maitatzeko eta onartzeko nahia”, dio.

“Anonimotasuna da gure ardatz nagusia. Hemen alkoholikoak gara denok, eta bestea alde batera uzten dugu. Eta garrantzitsua da gu geu mantentzea inongo diru laguntzarik gabe. Ez diogu inori dirurik eskatzen. Udalek, agian, lokalak uzten dizkigute, baina guk geuk jartzen dugu dirua, laguntza moduan”, azpimarratu du.

Mikel, alkoholiko anonimoetako kidea: “Ez diot batzarretara etortzeari utzi, otsoa atean zain dagoela ikusten dudalako”

Mikelek 33 urte daramatza Alkoholiko Anonimoetako talde ezberdinetan. “26 urterekin heldu nintzen lehenengoz Eskoriatzako batzar ireki batera. Bi egun etxetik kanpo igaro nituen, edanda, eta hemendik kanpora alde egin nahi nuela da gogoratzen dudan gauza bakarra. Gainera, ezkonduta nengoen eta seme bat nuen, baina gurasoen etxera joan nintzen eta laguntza eskatu nion amari. Ondoren, AAetako bi kide gerturatu ziren, eta arazoa gainditzeko zer egin behar nuen azaldu zidaten. Eskoriatzara eraman ninduten eta jende pila bat zegoen bertan. Harritu egin nintzen hainbeste jende ikusita. Hortxe, jendea euren esperientziak kontatzen hasi zen, eta emakume nagusi batek besarkatu eta joategatik eskerrak eman zizkidan. Orduan, horiek ahal izan bazuten nik ere ahal izango nuela jabetu nintzen. Egun hartatik aurrera ez nuen alkoholik edan”, gogorarazi du.

Hamabost urte alkoholik edan barik egon ostean, hala ere, “tentel baten moduan” berriro erori zen. “Banandu egin nintzen, lanetik lanera ibili nintzen, eta beste emakume bat ezagutu ostean beste bi haur izan nituen. Alkoholiko Anonimoetan hamabost urte inguru neramatzan, eta ondo nengoen, baina oporretan, egun batean afaltzen geundela, botila bat ardo edan genuen. Tentel baten moduan erori nintzen. Txarrena ez zen botila hura izan, hiru egunera hiru botila gehiago hartu nituela baizik. Guk beti diogu: alkoholikoa gaur, alkoholikoa bizitza osorako. Eta, zoritxarrez, horrela da”, azpimarratu du Mikelek.

“Denbora luzean gaizki egon nintzen berrerortze haren ostean. Tabernatik tabernara ibiltzen nintzen eta ez nintzen batzarretara joaten, noski. Orduan, gaizki pasatzen nengoela konturatu nintzen eta berriro itzuli nintzen Alkoholiko Anonimoetara. Besoak zabalik hartu ninduten, eta kide batek eskua eman zidan eta bederatzi hilabete nire alboan egon zen. Batzarretara eramaten ninduen, herriz herri, eta nire alboan mantendu zen, laguntzen. Etxetik kanpo nengoen, eta, bederatzi hilabete horien ostean, bikotekidearekin itzuli nintzen. Ordutik hona, beste hamabost urte pasatu dira eta hemen jarraitzen dut, berreskuratzen. Ez diot batzarretara etortzeari utzi, otsoa atean zain dagoela ikusten dudalako. Hala ere, gaur egun, bizitza zoriontsua dut, eta laguntza eskaintzea da nire betebeharretako bat, horrek bizia ematen didalako”, azaldu du.

Talde sentimendua

“Ona da batzarretara etortzea, baina hitz egin behar dugu, negar egin behar dugu eta besteen aurrean zabaldu behar dugu. Niri, adibidez, asko laguntzen dit taldearendako eta Alkoholiko Anonimoendako zerbitzuak egiteak. Hemen ez da zerbitzuen truke ordaintzen, baina gauza txikiak egitea ezinbestekoa da, nire ustez. Zerbitzu ugari egin ditut taldearendako, eta guneko delegatu izatera ere heldu nintzen. Azkenean, badakizu gu bezalako jendeak laguntza behar duela, eta kafea prestatzeak edo telefonoa hartzeak on egitea besterik ez dakar”, dio Mikelek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak