Langabezia beherantz urteko lehen sei hiletan

Jokin Guridi 2017ko uzt. 4a, 11:53

Beheranzko joera mantentzen du urte hasieratik eta azken hiru hilabetetan puntu bat inguru jaitsi da Debagoieneko langabezia tasa. Elgeta eta Oñati izan dira jaitsiera handiena izan duten herriak eta Leintz-Gatzaga, igoera handiena izan duena urteko lehen sei hiletan.

Ekaineko langabezia datuak ikusirik, urte hasieratik mantendu den beheranzko joera apala berresten da Debagoienean. SEPEren datuen arabera, ekainean %8,41ean kokatu da langabezia tasa eskualdean eta urte hasieratik puntu bat baino gehiago jaitsi da. Izan ere, 384 pertsona gutxiago daude langabezian Debagoienean urtarriletik, horietatik 297k azken hiru hiletan. Argi ikusten da, datuei begiratuz, urteko lehen hiru hiletan jaitsiera apala izan den arren bigarren hiruhilabetekoan jaitsiera azkartu egin dela.

Herriz herri begiratuz gero, portzentajeei begiratuz gero, Elgeta izan da urte hasieratik jaitsiera handiena izan duen herria, bi puntu eta erdi baino gehiago jaitsi baita bertan langabezia. Oñatik ere jaitsiera nabarmena izan du, ia bi puntukoa izan baita. Igoera handiena berriz, Leintz-Gatzagak izan du, puntu eta erdi igo baita langabezia bertan. Aramaiok jarraitzen du Debagoieneko langabezia tasa baxuena izaten %2,65ekin, eta %12tik behera jaitsi den arren, Arrasatek du altuena.

Herri bakoitzaren joera hileka aztertuz gero, gorabeheraz beterik daude urteko lehen sei hilabeteak, baina beheranzko joera orokorra garbia da Debagoiena osotasunean hartuz gero.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak