Horrenbeste lan egin eta gero, aire libreko denboraldia badabil emaitzak ematen, Malen Ruiz de Azuak, Istar Dapenak eta Eneko Carrascalek –azken horrek junior mailan– Europako Txapelketan lehiatzeko txartela eskuratu dute-eta.
Eneko Carrascalek duela aste gutxi aitortu zuen, Arrasateko udaletxean egindako Kirol Sarien ekitaldian, lesio baten ostean gura baino atzeratuago zeramala prestakuntza, baina bazebilela erritmoa hartzen, eta gogotsu ari zela entrenatzen. Aste gutxi zituen –uztailaren 20tik 23ra Italian, Grosseton-en– Europako Txapelketara sailkatzeko, baina sentsazio on horiek Ordizian egindako topaketan berretsi zituen, 15,54ko marka eginda lortu zuen Europarako txartela. Eta, bide batez, marka pertsonala 19 zentimetrotan ondu zuen. Hala, aurten ere Europako Txapelketan izango da arrasatearra.
Espainiako Promesa Txapelketan, bigarren
Asteburuan, berriz, Istar Dapenak eman du albiste ona, Torrent-en (Valentzia) egindako Espainiako Promesa Mailako Txapelketako bigarren postuak (5,21) eman dio-eta Europan lehiatzeko eskubidea –Adrian Valles izan zen txapelketako onena (5,50)–. Hala, salto horri esker Istar Dapena lehenengoz lehiatuko da nazioartean, eta Malen Ruiz de Azuarekin batera izango da Bydgoszcz-en –Polonia– egingo duten Europako Txapelketan –uztailaren 13tik 16ra. Hain zuzen, Europan lehiatzeko txartela aspalditik poltsikoan duen Ruiz de Azuak ez zuen Valentzian gura moduko lan-saioa egin, eta 12. postuarekin konformatu behar izan zuen, eta azken aste hauek azken zuzenketak egiteko baliatuko ditu.