Edesa Industriak enpresak aurkeztutako hartzekodunen konkurtso aurrekoari dagokionez, ondorengoa adierazi du LAB sindikatuak:
"Egoeraren irakurketa kezkagarria egiten dugu: hilabeteak dira salatzen genuela Edesa Industrialen egoera kezkagarria. Inbertsio eza, zuzendaritzaren erabaki okerrak, salmenta estratejia okerrak eta taldeko beste enpresen mesedetan jardun izanak egungo zuzendaritzak hasierako proiektuari bizkarra emana ziola erakusten zuten. Gure eskaerak ez dira aintzat hartuak izan orain arte, eta ondorioa egungo egoera da. Argitu nahi dugu hartzekodunen aurrekonkurtsoak ez duela inondik inora likidazioa zertan ekarri, eta oraindik uste dugula enpresa bideragarria izan litekeela hainbat neurri hartuta.
Salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak enpresari babesa eman diola bere jarrerari orain arte. LABek hainbatetan partekatu die instituzioei enpresari buruz egiten zuen diagnostikoa eta hala ere ez dute konpromisorik hartu nahi izan. Bereziki mingarria da Arantza Tapia andreak 2016ko Abenduan eskaini zeun elkarrizketa batean esan izana arazoa literalki “langileekiko komunikazio eta gardentasun faltan” zela, zenbaki “beltzak” izango zirela eta ez “gorriak”, eta beraiek “puntualki informatuak” zeudela azaltzen esanez.
Egoera honetan egon litezkeen aukeren artean, LABek argi eta garbi azaldu nahi dugu gure ustez ez dela nahikoa bankuekin birfinantziazio akordio bat negoziatzea. Enpresak aurrera egin dezan, industria arloko eta zehazkiago sektoreko inbertsore baten etorrera beharrezkoa dela uste dugu. Neurri egokiak hartzen badira, Edesa Industrial proiektua bideragarria dela frogatuko delakoan gaude.
LABek zuzendaritza eta instituzioak interpelatuko ditu, langileen aktibazioa bultzatuz.
Enplegua eta etorkizunaren alde!"