Zerain bizirik aurkitzeko aukerak baztertu dituzte, elur-jausi baten ostean

Xabier Urtzelai 2017ko uzt. 1a, 10:32
Irudia: Vimeo

Ekainaren 24tik daude desagertuta Nanga Parbaten Alberto Zerain eta Mariano Galvan. Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo laguntzeko gertu agertu ziren.

Alberto Zerain arabarra eta Mariano Galvan argentinarra bizirik aurkitzeko "itxaropenik ez" dutela azaldu dute euren espedizioko kideek Nanga Parbat mendian ia astebete galduta egon ostean. Gaur helikoptero batek euren seinalea galdu zuten ingurua zeharkatzeko aukera izan du, eta elur-jausi baten arrastoa ikusi dute.

 

Iñurrategi eta bere taldea laguntzeko prest

Gasherbrum I eta II mendiak lotzea helburu duen espedizioko kideak gertu egon dira mendian desagertuta dauden Alberto Zeraini eta Mariano Galvani laguntzera joateko. Halakoetan, hemendik antolatu daitezkeen erreskate operazioak ezinbestekoak dira, eta horretan dabiltza Eusko Jaurlaritza eta Arabako Diputazioko ordezkariak, Gasteizko Udalarekin batera. Baina, halakoetan oso lagungarria izaten da mendian bertan esperientziadun jendea lanerako gertu izatea, sasoi onean, eta altuerara aklimatatuta egotea. Eta, egoera horretan daude WOPeak-eko espediziokoak, ekainaren 15etik daude-eta Gasherbrum mendien oinarrizko kanpalekuan. Gainera, Iñurrategik, Zabalzak eta Vallejok dagoeneko hainbat gau igaro dituzte 6.800 metrora, horrenbestez, aklimatazio fasean buru-belarri murgilduta daude.

Nanga Parbatetik 200 kilometrora

Karakorumen, 200 kilometro inguru daude WOPeko espedizioko kideak dauden lekutik Nanga Parbatera. WOPeko prentsa arduradunek zehaztu dute erreskate operazioak iraun bitartean ez dutela informazio gehiago helaraziko. Bestalde, eguaztenetik dabiltza helikoptero batekin Zerain eta Galvan bilatzen hasteko saiakerak egiten, baina arazo burokratikoek lehenengo, eta eguraldi txarrak gero, ez dute bilaketa horretan batere lagundu. Badirudi asteburuan eguraldiak hobera egingo duela, eta asmoa da, GPSaren seinalea galdu zen lekura joatea eta, handik hasita, Mazeno ertz guztia airetik ikuskatzea, mendizaleen bila.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak